Gaur goizean aurkeztu dira otsailetik ekainera bitartean Gasteizen Gauekoak programaren baitanegingo diren jarduerak.

Izan ere, Gasteizko Udalak, Gazteria Zerbitzuaren bitartez, Gauekoak bultzatu du berriro, 16 eta 30 urte bitarteko gazteentzako aisialdi alternatibo, hezigarri eta osasungarrirako programa. Gauekoak kolektiboaren bitartez, gazteen arloko erakunde eta elkarteek zein herritar partikularrek egindako proposamenak garatzea da ekimenaren helburua. Hori guztia aisialdiaren, kulturaren eta sozializazio osasungarriaren aldeko apustu baten bidez, parte-hartzea bultzatuz eta euskararen presentzia ere sustatuz.

"Aisialdian heztea gazteen garapen integralerako tresna baliotsuenetako bat da, eta Gauekoak da horren erakusgarri", Gazteria zinegotzi Miren Fernández de Landak nabarmendu duenez.

Jarduerak mota askotakoak dira, eta horien % 60 euskaraz egingo da: abentura, umorea, kirola, kultura, lantegiak€ Era berean, 'proiektuen poltsa' bat sortu da, gazteek, kolektiboek eta elkarteek emandako ideiak Gauekoak programaren barruan gauzatzerik izan dadin. "Gonbidapena egiten diegu Gasteizko gazteei diziplinarteko proiektu partekatu honetan parte hartzera, aisialdi, ikuskizun eta era guztietako ekintzen kontsumitzaile gisa ez ezik, baita proiektu honen parte aktibo gisa ere, proposamenak eta jarraipena eginez lantaldeak eguneroko lanean eta Gazteria Zerbitzuak haien esku jarritako kanalak erabiliz", azaldu du Gazteria Zerbitzuko arduradun Oskar Fernandez Jarasek.