LAUAXETA IKASTOLA, familien kooperatiba bat da, euskalduna eta eleanitza. Bere xedea, ikasleak bere osotasunean heztea da. Horretarako beraien ibilbide akademikoan zehar ikasketa esperientzi anitzenak, aberatsenak eta esanguratsuenak eskaintzea, pertsona bezala gizartean partehartzeko, bizikidetzarako balore etikoak barneratzen laguntzearekin batera.

Ikasketa prozesua esanguratsua, praktikoa, erakargarria eta motibagarria izan behar dela defendatzen dugu eta hori lortzeko etengabeko diseinu, ikerketa eta ebaluaziotik eratorritako hainbat ibilbide eta esperientzia akademiko, estrategia eta metodologia pedagogiko berritzaile jartzen ditugu ikasleen eskura, horretarako beharrezkoak diren giza baliabide, baliabide fisiko eta teknologikoekin bateratuz.

Lauaxeta Ikastolako lemari jarraikiz “pertsonak garatuz, gizartea eraikitzen” ikasle perfilaren osotasunari zor diogun konpromisoagatik, pertsona etiko eta eraikitzaileen aldeko apustua egiten dugu. Horregatik 4 urteko mailatik hasita, “Filosofia eta Etika” saioak gauzatzen ditugu gure kurrikulum eskaintza aberastuaren barnean. Saio horrek helburu argia daukate: txikitatik ikasleen nortasunaren parte bihurtzea nahi dugun gaitasun kritikoa garatzea.

Horretarako OneTwoThink-en eskutik Pentsamenduaren Pedagogiari eusten diogu. Hezkuntza paradigma berri honek ikasleekin pentsamendu eraginkorra eta jarrera intelektual esanguratsua gelan explizituki lantzeko hainbat estrategia, proposamen pedagogiko eta material didaktiko eskaintzen dizkigu. Alde batetik pertsonaren garapenaren integralarekin lotutako jarrera intelektualak garatzen ditugu, hala nola; jakinmina eta ikerketarako griña, ekimena eta iraunkortasuna, pentsamendu kolaboratiboa, etika eta baloreak, metakognizioa eta autoerregulazioa... Eta bestetik, zehatzagoak diren gaitasun logiko-analitikoa, kritikoa, sortzailea eta filosofikoa.

Saio hauei esker ikasleek bizitzari buruzko hainbat arloren inguruan modu sakonean eta kritikoan pentsatzen ikasten dute, giza eskubideekin eta UNESCOren Garapen Iraukorrerako Helburuekin bat egiten duten balore etikoak garatuz -Lauaxeta Ikastola UNESCO ikastetxea baita-; eta honek, modu konprometitu eta aktiboan gizartearen eraiketan partehartzera motibatzen die. Beraien bizitza akademikoan zehar hainbat eta hainbat proiektu solidariotan partehartzeko aukera zabaltzen diegu, eta ez hori bakarrik, proiektu horiek diseinatzeko, gauzatzeko eta hedatzeko ere.