Hasi berri den 2022. urte hau “modernizazio, berrikuntza eta suspertzearen Europako trenera igotzeko aukera d. Hala adierazi du Gasteizko alkatea den Gorka Urtaranek, eta azaldu du, horren harira, etapa berri bat abiatzear dela, "baliabide ekonomiko gehiago izateak hiria hainbat alderditan hobetzea eta erritmo onean aurrera egitea ahalbidetuko baitu".

Alkatearen iritziz, “ekitaldi honetan egiaztatuko dugu hiriak abiada hartzen duela modernitateari, hobekuntzari eta lehiakortasunari dagokienez. Garai erabakigarrian gaude. Europak hiriak modernizatzeko laguntzak jarri ditu martxan, hiri erresilienteagoak sortuko dituzten proiektuekin, eta tren hori hartuko dugu.”

Aurtengo proiektu berezienen artean, Herrandarren kalearen birmoldaketa nabarmentzen da, Arana aldea biziberrituko baitu. Kale garrantzitsu hori birmoldatzeak aukera emango du ingurua birnaturalizatzeko eta berdatzeko, baita oinezkoentzako eta bizikletentzako espazio publiko berriak eta CO2 hustubide berriak sortzeko ere.

Aurten, halaber, Principal antzokiaren eraberritzea bultzatuko da. Aretoa handitzeko aukerari buruzko erabakia hartuko da, eta abian jarriko da gaur egungo beharrizanak betetzeko moduko kultura-azpiegitura edukitzea ahalbidetuko duen prozesua, ikusleentzat erosoagoa izan dadin eta artistei aukera gehiago eman diezaien.

Hamarkadako udal-aurrekontu handienak eta beste erakunde batzuekiko lankidetzak aukera emango dute, halaber, tranbia Salburura luzatzeko lanak amaitzeko eta Zabalganera hedatzeko eraikuntza-proiektua idazteko. Mugikortasunaren arloan, abiadura handiko trenak berebiziko protagonismoa izango du, aurreikusita baitago hura Gasteizen integratzeko eraikuntza-proiektua idazteko lehiaketarako deia egitea. Mobility lab delakoak ere enplegu-aukerak sortuko ditu arlo horretan, zeina oso garrantzitsua baita hiriko sare ekonomikoan eta hiriaren ADNan.

Espazio publikoan hainbat lan egingo dira; horien artean Terrorismoaren Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren inguruan berriki hasitako Memoriaren Plaza nabarmentzen da. “Obrek enbarazu sortzen dute, baina ez diegu uko egin nahi hobekuntza- eta modernizazio-lan horiei. Pazientzia eskatzen dut, orain delako unea, eta ezin dugulako aparteko funtsak jasotzeko aukera galdu”.

2022an Gasteiz Europako hiriburu izendatu zeneko 10. urteurrena betetzen delarik, Udalak balioa emango dio espiritu berdeari, horrek “gasteiztar guztiak proiektu partekatuetan batzen gaitu-eta“. Ildo horretara biltzen dira klima-neutraltasuna lortzeko ekintza guztiak. Alkateak gogorarazi du hiriak klimatikoki neutralak diren Europako lehen 100 hirien taldeko kide izan nahi duela 2030ean.

“Modernizazio eta berrikuntzaren Europako tren horrek enplegua sortu eta ekonomia suspertuko du. Horrelako aukera gutxi daude, eta ezin ditugu galdu. Europako laguntzak iristen hasi dira, eta laster gehiago ikusiko ditugu“, amaitu du alkateak.