Gasteizko Udalak tamaina handiko hondakinak biltzeko zerbitzu berria jarri du martxan. Hala, gasteiztarrek tamaina handiko objektuak, koltxoiak eta altzariak bezalako hondakinak bota nahi dituztenean, 945 20 00 20 telefono zenbakira deitu behar izango dute.

Izan ere, gauzak edozein ordutan eta hitzordurik eskatu gabe kalean uzteak 750 eurora arteko isuna edo zigorra dakar, Udalak gogorarazi duenez.

Kontratazio berriarekin, datozen urteetan berrikuntzak sartzen joango dira. Oraingoz, bilketa bide publikoan egingo da, aldez aurretik eskatuta (gaueko zortzietatik aurrera, bide publikoan eragindako inpaktua murrizteko), eta kalean abandonatutako tamaina handiko gauzak jasotzen jarraituko da; bestalde, kontratuak atez ateko zerbitzua emateko aukera ere aurreikusten du, aurretik hitzordua hartuta eta baldintza jakin batzuk betetzen dituzten hondakinak badira.

Gogoratu behar da Koopera eta Emaus enpresek kudeatuko dutela aurrerantzean udalerriko tamaina handiko hondakinen bilketa, sailkapena eta merkaturatzea, aldi baterako enpresa-elkartea osatuta. Urtaranen gobernuak duela gutxi onartu zuen kontratu hori datozen 4 urteetarako esleitzea, 6,2 milioi euroko aurrekontuarekin.

Orain arte hiriko garbiketa-kontrata orokorra zeraman enpresak berak kudeatzen zituen lan horiek, baina orain bereiz kontratatu dira, tamaina handiko hondakinen kudeaketa hobetzeko (altzariak, koltxoiak, zurak, gailu elektroniko eta elektrikoak, eta etxeko edo merkataritzako beste hondakin mota batzuk); izan ere, duten tamaina, pisua edo beste ezaugarri batzuk direla-eta horiek ezin dira edukiontzien bidez bildu. Gainera, kontratu berriaren bidez ekonomia zirkularra sustatu nahi du udal gobernuak, sailkapena eginez eta berriro merkatuan jarriz, berrerabiltzeko.

Zerbitzuan hobekuntza horiek guztiak egin ahal izateko, enpresa esleipendunak plataforma jasotzailea duten 4 ibilgailu berri erosiko ditu, baita hainbat erreminta (orgak, desmuntatzeko tresna bereziak) ere, eta lan-taldeak indartuko: astelehenetik ostiralera, 4 lantalde arituko dira egunez eta 2 gauez; larunbat, igande eta jaiegunetan, talde bat egunez eta beste talde bat gauez.

Horretaz gain, 2.000 metro koadroko nabe bat baliatuko du zerbitzuak materialak jaso eta sailkatzeko, baita berrerabil daitezkeenak konpontzeko ere. Sailkatu eta, behar izanez gero, konpondu ondoren, enpresak salgai jarriko ditu produktuak, enpresa esleipendunek hirian dagoeneko dituzten merkataritza-espazioetan gehi beste leku batean, eta urtean zehar aldi jakin baterako salmenta berezirako bi leku jarriko ditu martxan. Azoketan parte hartzea eta udalerritik kanpo merkaturatzeko beste bide batzuk baliatzea ere ez dute baztertzen.

"Ekonomia zirkularrera aldatzeko estrategia horren testuinguruan, zerbitzua hobetu nahi izan dugu, herritarrek eta merkataritza nahiz ostalaritza sektoreek sortutako bolumen handiko hondakin guztiak biltzeko sistema eraginkorrak baliatuz, haien erabilera erraztu eta ondoren errazago kudeatzeko. Horrez gain, lehentasuna eman nahi zaio bide publikoan kontrolik gabe utzitako bolumen handiko hondakinak azkar jasotzeari, kalean ahalik eta gutxien ikus daitezen", azaldu du Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak; erantsi duenez, kudeaketa aldaketa hori eginda, Udalak "berrerabiltzea sustatu nahi du birziklatzearen gainetik, eta bigarren aukera gisa, birziklatzea eta balorizazioa, deuseztearen gainetik. Aldi berean, ondasun berrerabilgarrien, konpondutakoen edo berriz manufakturatutakoen kontsumoa sustatu eta zabalduko da".