3.895.304 euroan balioetsita

Gasteizko Gure Txokoa, salgai

03.04.2021 | 04:00

GASTEIZ. Gasteizko Udalak 3.895.304 euroan balioetsi du 21 Zabalgunea eta Gilsa sozietateen egoitza den Gure Txokoa lursaila. Joan den asteazkenean, martxoak 31, Tokiko Gobernu Batzarrak saltzeko lehiaketa onetsi zuen.

Lursailak 1.855,28 metro karratuko azalera du eta bi eraikuntza daude bertan: eraikin nagusia 498,26 metro karratuko lurzati batean —portxea barne— eta guztira 1.627.38 metro karratuko azalera eraikia; eta eraikin osagarri bat 84 metroko lurzati batean, guztira 204 metro karratuko azalera eraikiarekin. Gaur egun erabilera tertziarioa du.

Gorka Urtaran alkateak iragarri duenez, udal gobernua aztertzen ari da eraikuntzaren salmenta esleitu ondoren 21 Zabalguneako eta Gilsako langileak Zulueta jauregira lekualdatzeko aukera eta, horrela, Senda ibilbideko eraikin enblematiko hori berreskuratzea. "Jauregira aldatzearen beharrak eta bideragarritasuna aztertzen ari dira bi sozietate horiek . Alternatiba ona izango litzatekeela uste dut, kontuan hartuta, gainera, agian Amvisa lehiaketara aurkeztuko dela, eta, esleipendun suertatuko balitz eta Gure Txokoa hartuko balu, Amvisako langileek beste leku batera aldatzeko planteatutako beharrari erantzuna emango litzaiokeela", esan du alkateak.

Amvisa edo beste lizitatzaile bat esleipendun suertatu eta Gure Txokoa erosten duenean, udal sozietateak lekualdatuko lirateke; orain lekualdatze horien bideragarritasuna aztertzen ari dira.

Zulueta jauregia erabiltzen hastea Erdigunerako Masterplanean jasotako proiektuetako bat da. Hasiera batean beste erabilera batzuk baloratu eta sustatu ziren Gasteizko Senda ibilbideko eraikin horretarako, baina Urtaranen Gobernuak 21 Zabalgunea eta Gilsa hara eramatea ari da aztertzen orain, helburu bikoitzarekin: eraikin enblematiko bati garrantzia ematea haren narriadura geldiaraziz, eta bi udal sozietateak berrindartzea nazioarteko politika eta estrategiekin bat datozen proiektu estrategikoen bidez, hala nola, energia-erangikortasunean oinarrituta hiria birgaitzea eta industrialdeak biziberritzea.

Udal gobernuaren planek urtebete beharko dute gutxienez hezurmamitzeko, hori baita Gure Txokoaren lizitazioa eta esleipena izapidetu ahal izateko beharko den denbora, bai eta Zulueta egokitzeko ere, 21 Zabalguneako eta Gilsako langileak hara eramatea erabakitzen bada. Nolanahi ere, alkateak gogorarazi du Zulueta jauregia osorik babestutako eraikina dela, eta, beraz, barruko eta kanpoko itxura zein lorategiarena mantendu beharra dagoela.