Euskara Eskura Txartela euskara ikasteko deskontuen bonua martxan jarri dute laugarren urtez Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak, HABEk eta Bizkaiko euskaltegi sareak. “400.000 euroko aurrekontu saila onartu dugu, Aldundiak konpromisoa baitu euskara ikasteko ahalegina egiten duten pertsonei lagunduko dieten neurriak hartzeko eta, horrela, pertsona horiek animatzeko euskara ikasten jarrai dezaten harik eta ezaguera maila nahikoa duten arte euskaraz hitz egiteko nahi duten guztietan”, jakinarazi dute Aldunditik.

Bonua Bizkaian erroldatutako pertsonei bideratuta dago, A1, A2, B1 edota B2 mailak gainditu dituztela ziurtatzen badute. Hartara, alternatiba hau eskuratzeko intentzioa dutenek, programari atxikituta dauden euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentro homologatuetara jo beharko dute, urriaren 16a baino lehen matrikula eginez. Era berean, barnetegi iraunkorretako ikasleei dagokienez, azaroaren 4a baino lehen matrikulatu beharko dira. Hori guztia epeen barruan ez egitekotan, ez dute eskubiderik izango dagokien zenbatekoaren likidazioa egiteko.

Horrekin bat, uztailaren 29tik abuztuaren 7ra bitartean egongo da irekita txartela eskuratzeko programan izena emateko epea. Eskabideak Bizkaiko Aldundiaren webgunean tramitatu behar dira, hurrengo helbidean: /web.bizkaia.eus/eu/-/euskara-eskura-txartela

Gauzak horrela, bonuak lau mailatan sailkatuko dira. A1 gainidtzen dutenek maila horretarako bonua jasotzeko eskubidea izango dute, beti ere, ekimenean parte hartzen badute; kasu honetan, bonua 150 eurokoa izango da. A2 mailaren kasuan, gainditzen dutenek 200 euroko bonuak jasotzeko parada izanen dute.

Segida horretan, mailak gora egin ahala diru kopuruak gora egiten du. Izan ere, B1 eta B2 maila gainditzea lortzen dutenek, 300 eta 400 euroko bonuak jaso ahal izango dituzte, hurrenez hurren.

Aldunditik jakinarazi dutenez, bonu guztiak dira metagarriak, hots, ikasle batek bi maila gainiditu eta hitzarmenean ezarritako epeetan egiaztatzekotan, bi bonurekin irabaziko lukeenaren batura jasoko luke deskontu modura. Hori bai, ezin izango du gainditu dagokion matrikularen zenbatekoa, ez delako onartuko gainfinantzaketarik. Azkenik, ‘Euskara Eskura Txartela’ bonuarekin lor daitezkeen deskontuak, Bizkaiko Foru Aldundiak berak tramitatuko ditu, kasuan-kasuan dafgokion euskaltegiarekin edo autoikaskuntzarako zentro homologatuarekin. Halaber, HABE programan parte hartzen duten euskaltegietako ikasleek laster jasoko dute eskabideen inguruko xehetasun guztiak.