Talaieroa

Herri erantzuna

17.03.2020 | 00:24
Herri erantzuna

Elkartasuna, behar gorrian daudenei laguntza eta herri erantzuna... horixe da behar duguna

Une zail eta gogor hauetan, lehenengo berbak izan bitez birusak eraman dizkigun pertsonak gogorarazteko, haien senide eta hurbilekoei besarkada estu bana emateko. Hurrengoak, berriz, eskerrak emateko izan bitez, osasun zentro, saltoki, suhiltzaile, hedabide, segurtasun indar, herri-erakunde eta abarretan, frontearen lehenengo lerroan borrokan ari diren guztiei, dezaketen guztia egiten eta ematen ari direlako eta gure aitortza eta esker ona merezi dituztelako... Baina egiten ari direnagatik eskerrak emateaz gainera, herritar guztiek eran-tzukizunez joka dezaten eska-tzea behar-beharrezkoa ere bada, bakoitzaren jokabidearen arabera gauzak errazago edo okerrago kudeatuko dira eta.

Osasun zerbitzuak iritsi ezinda dabiltzanean, gutxi batzuek kirola egiten segitzea, mendira, bizikletan eta abar irteerak egitea arduragabekeria galanta da, zerbait gertatuz gero, erantzun ezinda dauden zerbitzuak are gehiago zamatzea ekartzen duelako. Beste horrenbeste esan daiteke, behar larririk eduki ezean, etxean gelditzeko emaniko aholkuen aurrean, irteten ari diren pertsonen kasuan. Axolagabea da jokabide hori, birusaren hedapena errazten delako eta ezarririko arauak errespetatzen ari direnei iseka egitea adierazten duelako.

Une zailetan ikusten da bakoi-tza nolakoa den, eltzea sutan bezala. Halakoetan antzematen delako zer espero dezakegun lagun hurkoarengandik, auzoengatik eta abar. Horrela, munduaren azkena baletor bezala, supermerkatuetara arineketan, jakiak eta bestelako hornidurak pilatzeko asmoz ari direnei eskatu nahi diet gainerako herritarrak kontuan har ditzaten, supermerkatuetako langileak errespeta eta zaindu ditzaten, horrenbeste zor baitiegu laguntzea lehentasuntzat duten guztiei.

Elkartasuna, behar gorrian daudenei laguntza eta herri erantzuna... horixe behar da gaur zein etorkizun hurbilean izango ditugun memento zailetan. Laguntza behar duten nagusiei, ezinduei eta baztertuei, hurbiltasuna erakutsiz eta laguntza eskainiz. Etxean dauzkagun umeekin eta gazteekin egonez. Dituzten kezkak, beldurrak eta ezintasunak kudeatuz, bidenabar, oihanaren legea baztertzen duen gizarte aurreratu baten balioak landuz. Finean, pedagogia, norbera ez beste pentsamendurik dutenak ohartarazteko ataka honetatik irteteko batera jardun behar dugula... herri ikuspegia alderdi, sindikatu, enpresari elkarte zein bestelakoen partetik, zeinahi abantaila ateratzeko tentazio oro albora dezaten, interes partikularrak bazter ditzaten eta egoera honetatik atera-tzean –aterako baikara, horretan egon ziur!–, eskuz esku, egoera honek ekarri eta eragingo dituen ondorioei buelta ematen lagun dezaten.