EIBAR. Ipuruako merkatuko eraikinari erabilera berriak eman nahi dizkio Eibarko Udalak. Gainera, herritarrak erabaki horretan ahotsa izan dezaten nahi du, eta horregarako prozesu parte-hartzaile bat ireki du.

Horrela, parte hartu nahi duten herritarrei irekitako hiru saio egingo dira, Ipuruako Merkatuko eraikinean bertan, 18:00etatik aurrera. Topaketa guztietarako, haurtzaindegi zerbitzua eskainiko du Udalak Jacinto Olave ludotekan bertan.

Lehenengo saioa datorren otsailaren 5ean egingo da prozesuaren kokapena eta helburuak zehaztu, proiektuaren balioen lanketa egin eta eraikinaren erabilerarako aukerak eta beharrak zehazteko helburuekin.

Beste bi saioak martxoan eta apirilean izango dira, nahiz eta aurreikuspen honek aldaketak izan ditzakeen prozesua gauzatzen den heinean. Zentzu honetan, bigarren saioa datorren martxoaren 4rako aurreikusten da lanketaren jarraipena eta antolaketa eta funtzionamenduaren oinarriak zehazteko. Eta azkenik hirugarren saioa apirilean izango da, nahiz eta eguna zehazteke dagoen oraindik. Bertan, kudeaketarako eta antolaketarako proposamena definitu, eraikinaren erabilerarako oinarriak adostu eta partaidetza prozesuaren fase honi amaiera emango zaio.

Ondoren, proiektuak aurrera jarraituko du eraikinari beharrezkoak zaizkion moldaketak eginez eta adostutakoa gauzatuz.

"Ipuruako merkatu plaza: Auzoko gunea" proiektua bultzatzen duen auzotar talde baten ekimenez jarri du abian Udalak prozesu hau, eta Eibarko Udaleko osoko bilkurak 2019ko apirilaren 29ko saioan aho batez onartu ostean egitasmo honekin aurrera egitea, eta bide horretan jarraitzeko, partaidetza prozesu ireki bat egitea datozen hilabeteotan.

Ekimen honen bidez, eraikin hau auzotarren eta eibartarren topaleku izatea lortu nahi da, adin guztietako herritarrentzako aisialdi hezitzailea landuko duen gune irekiaren bidez.