GASTEIZ. Osasuneko sailburu Nekane Murgak azaldu duenez, amaitu berri den urteak oso zifra onak utzi ditu Euskadin organo-emaileei dagokion atalean. Hala, 2019an milioi biztanleko 65 organo-emaileko taas (pmp) lortu zuen, asken bost urteko 60 emaileko pmp tasa sendotuz.

Murgak lorpen hori Euskadiko gizartearen konpromisoari egotzi dio, batez ere organoa ematen duten pertsonen familiei, profesional sanitarioei, prozesuan parte hartzen duten beste mailei, eta gaixoen elkarteei.

Azken hamarkadan asistoliako donazio-programak hasi eta sustatu dira; 2019rako guztizkoaren % 50 izan ziren, Estatuko batez bestekoaren gainetik eta donazio-mota horretan aktiboenak diren herrialdeen gainetik.

Emaileen heriotza-kausak direla eta, % 50 istripu zerebrobaskularraren ondorio da eta % 19, garezur eta garuneko traumatismoaren ondorio (%3 trafiko-istripuagatik).

Beste alderdi nabarmenetako bat da gero eta familia gehiagok dutela erantzun positiboa donazioaren inguruan. Horrela, 80ko hamarkadan elkarrizketatutako 10 familiatik 7 donazioaren alde zegoen eta, azken hamarkadan, ratio hori handitu egin da eta 10 familiatik 9 daude alde.

2.600 TRASPLANTE HAMARKADA BATEAN

Sailburuak eskertu eta nabarmendu egin du elkartasun hori sendoa eta jarraikia dela; hartara, organoak ematearen urteko batez besteko tasa 40 organo-emailetik gorakoa da milioi biztanleko 2000. urtetik. Hain zuzen, organoak emateko tasa horiei esker, gure pazienteek trasplantea jasotzeko aukera oso handiak dituzte, beste herrialde batzuek baino gehiago, argi eta garbi.

Zehazki, azken hamarkadan, 2.584 organo-trasplante egin zaizkie guztira Euskadiko pazienteei; ondorioz, trasplantea jasotako pazienteen tasa 110 pmp da, Europan eskarmentu gehien duten zentroen antzeko emaitzekin, edo hobeekin. Guztira egindako 2.584 trasplanteetatik:

  • 583 giltzurrunetakoak ziren
  • 718 gibelekoak
  • 140 bihotzekoak
  • 143 biriketakoak

2019an, giltzurrunetako 169 trasplante egin ziren Euskadin, gibeleko 76, biriketako 18, eta bihotzeko 8 (azken horiek itundutako autonomia-erkidegoetan). Horietako 8 kasutan, hartzaileak haur-adineko pertsonak ziren (5 Euskadikoak, 2 Kantabriakoak, eta 1 Gaztela eta Leongoa). Milioi biztanleko 124ko tasa, alegia.

EHUNAK ETA ZELULAK EMAN/TRASPLANTATU

Ehunak/zelulak eman eta trasplantatzeari dagokionez, 2019. urtean 180 ehun-emate egin dira. Ehunak (korneak, ehun osteontendinosoa, azala…) Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrora bidaltzen dira, horiek prozesatu, gorde eta trasplanterako banatzeko.

Era berean, 59 transplante alogeniko egin dira (31 ahaidetuak eta 28 ez-ahaidetuak) Euskadiko Erreferentziako Zentroan (HUDonostia); hartara, Euskadi inguruko Europako herrialdeen antzeko tasetan kokatzen da.

ESKERRAK GIZARTEARI, FAMILIEI, PROFESIONALEI ETA ELKARTEEI

Nekane Murga sailburuak bere esker ona adierazi nahi izan dio argi eta garbi Euskadiko gizarteari, oro har, baina bereziki, pertsona emaileen familiei, eskuzabaltasuna agertu dutelako pertsona maite baten organoak emateko ataka latz eta gogorrean.

Sailburuak eragile gehiagori agertu die esker ona: Euskadiko askotariko zentro baimenduetako profesional sanitario eta ez-sanitarioak (ia guztiak, hala publikoak nola pribatuak), askotariko Emate-Trasplante programetan parte hartu dutenak. Rol erabakigarria izandako erakundeei ere eman dizkie eskerrak, adibidez, epaileei, medikuei/auzitegiko medikuei, epaitegietako pertsona laguntzaileei, aireportuetako pertsonei, SOS-DEIAKi, Ertzaintzari eta abarri.

Gogoan izan ditu, halaber, gaixoen elkarteak, lan biziki ederra egiten dutelako sentsibilizazio arloan, eta, gainera, ezin bestekoa da kopuru horietara heltzeko.