DONOSTIA. Frantziarren komunitateak eragin zuzena izan zuela Donostiak XIX. eta XX. mendeen bukaera eta hasiera bitartean jasan zuen modernizazioan ondorioztatu du Berta Echebarriaren tesiak.

Berta Echeberria Arqueroren doktorego tesiak, «Le Petit Paris. Presencia e influencia francesa en la configuración del San Sebastián moderno (1864-1920)», aztergai hartu ditu frantziarren presentzia eta frantses izaerak Gipuzkoako hiriburuaren modernizazio prozesuan izandako eragina. Harresia 1864. urtean eraitsi ondoren, hiria bere historiako aldirik distiratsuenetako batean murgildu zen. Oparotasun giro hark atzerritar asko erakarri zituen, tartean, frantziar askotxo, eta horrek eragin zuzena izan zuen egungo Donostia eratzeko. 1920ko hamarkadan, hiria modernizatzeko proiektu gehientsuenak jada gauzatuta, komunitate frantziarra urritu egin zen, haren eragina ere txikiagotuta. Eragin horren emaitza hiriaren eta Frantziako hiriburu eta bainuetxe hiri zenbaiten (Biarritz, Niza edo Montecarlo) arteko antza estetikoan, arkitektonikoan eta urbanoan datza.

«Iturri izendunak aztertuta (erroldak eta kontsulatuetako immatrikulazio erregistroak), jakin ahal izan dugu zer-nolakoa zen komunitate frantziar-donostiarra hiria modernizatu zen aldian. Komunitate gazte samarra zen, nabarmen femeninoa; ugari ziren emakumezko ezkongaiak, eta bazekiten irakurtzen eta idazten. Sorburu aniztasun handiko komunitatea zen, eta hiriko inguru eta auzo guztietan kokatu zen, Donostiako ekonomia berrian modu aktiboan parte hartuta», azaldu du ikerlariak.

Donostiako komunitate frantziarrak kolonia baten eran funtzionatu zuen, hala egituratuta, sorterriko hiru ardatz nagusien inguruan: hezkuntza (eskola frantsesak), hizkuntza (Alliance Française), ekonomia (merkataritza ganbera), gizartea (Donostiako Ongintzako Elkarte Frantziarra) eta politika (Frantziako kontsulatua). Kolonia frantziarraren kideek zuzenean edo zeharka parte hartu zuten Frantziako sistema soziopolitikoa eta ekonomikoa tokiko eskalan kopiatu zuen zerbitzu sarearen eraketan, mantenuan eta hedapenean. Egitasmo guztiek bi helburu zituzten: koloniako frantziarrak «attachés à leur patrie» edukitzea eta donostiarrengan eragitea.

«Frantziako inbertitzaileek, sozietateek eta langileek parte hartze oso handia izan zuten Donostiako ekonomian, eta funtsezkoa, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran hiriaren garapena bultzatu zuten sektoreetan», dio Berta Echeberriak. Donostiako burgesiak, Frantziako enpresaburuekin elkarlanean, hiri berri bat eratu zuten, hirugarren sektorea ekonomiako elementu aipagarriena bihurtu zena. «Garraioari, ostalaritzari, banku entitateei eta turismoari loturiko finantza jardueretara bideratu ziren inbertsio gehienak. Manufaktura enpresek eta merkataritza jarduerek ere Frantziako kapitala nabarmen erakarri zuten; izan ere, Donostia ez zen zerbitzu hiri soila, industriak presentzia handia zuen hirigunea baizik».