Bilbo. Gripeak 120 ospitalizazio eragin ditu Euskal Autonomi Erkidegoan. Aste honetan, 100.000 biztanleko 64,2 kasuko eragin-tasa izan da; aurreko astearen parekoa. Txertoa abenduaren 31ra arte har daiteke.

Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza Epidemiologikoaren Sarearen —Mediku Jagoleak— azken txostenak, abenduaren 16tik 22ra bitarteko aldiari dagokionak, gorakada txiki bat dagoela nabarmentzen du, baina gripearen eraginak txikia izaten jarraitzen du. Lehen Mailako Arretako sareak 814 kontsulta artatu ditu aste honetan gripe-sindromeagatik. Gainera, denboraldi honetan, orain arte, gripe egiaztatuko 120 ospitalizazio-kasu jakinarazi dira, eta horietatik 37k larritasun-irizpideak betetzen dituzte. Gripeak eragindako konplikazioen ondorioz lau pertsona hil direla ere jasotzen du txostenak. Guztiek arrisku-faktoreak zituzten edo 64 urtetik gorakoak ziren.

Txertoaren garrantziaz jabetuta, Osasun Sailak eta Osakidetzak erabaki zuten txertaketa-kanpaina zabaltzea —urriaren 14an hasi zen eta hasiera batean sei aste iraungo zituen—, abenduaren 31ra arte, ahalik eta pertsona gehienei txertoa jartzeko, betiere arrisku-taldeen barruan badaude, hau da, gaixotasun kronikoren bat badute, 65 urtetik gorakoak badira edo haurdun badaude. Hori guztia dela eta, datozen egunetan, pertsona horiek oraindik ere beren osasun-zentrora joan daitezke txertoa hartzera.

Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazten dute txertoa dela, bere segurtasunagatik eta eraginkortasunagatik, modurik eraginkorrena gripeari aurre egiteko eta hura kutsatzearen ondorioz osasunean konplikazioak saihesteko.