DONOSTIA. Donostiako Haizearen Orraziko Eskulturek eta Plazak osatzen duten multzoa kultura-ondasun kalifikatu dute gaur goizean, abenduaren 26an, bere inguru naturalarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak azkenengo pausua eman eta gero.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak joan den otsailean aurkeztu zuten Haizearen Orraziaren Plazak eta Eskulturek osatzen duten multzoa babesteko proposamena. Egun hartan bertan argitaratu zen espedientea hasteko proposamen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta 20 eguneko alegazio-aldia hasi zen. Orain, alegazioak ebatzi ondoren, Eusko Jaurlaritzak babes kalifikazio gorena onartu du

Haizearen Orraziaren multzoaren babesak hiru esparru hartu ditu kontuan: Peña Gancheguik diseinatutako Plaza, Eduardo Chillidaren hiru eskulturak eta natura-ingurunea. Inguruaren babes horren barruan, obraren ikusizko ikuspegia sartzen da (1.500 metroko ikusmen-irismenarekin), obraren inguruko itsas paisaia ere babestuz, paisaia babesteko beste araudi batzuetan babestu den modu berean.

Ingurune hori kultura-ondasuntzat kalifikatzeak ingurua babesteko neurriak hartzera behartzen du Donostiako Udala, dagoeneko egiten ari den bezala. Era berean, kalifikazio hori ezinbesteko baldintza da UNESCO Gizateriaren Ondare izendatzeko balizko prozesu bati ekiteko.

KULTURA ZINEGOTZIAREN POZA

Eusko Jaurlaritzak Kalifikatutako Ondasunen Erregistroan Haizearen Orraziaren Plaza eta Eskulturen Multzoa bere ingurune naturalarekin sartzea onartu ondoren, Donostiako Udaletxeko Kultura zinegotziak, Jon Insaustik, "berri handia" dela nabarmendu du. "Hiriaren eta Udalaren helburua den Haizearen Orrazia Gizateriaren ondare izendatzeko beste urrats garrantzitsua da gaurko onarpena", adierazi du.

Insaustik adierazi duenez, "ez gara Eduardo Chillidak diseinatutako eskulturez bakarrik ari, Peña Gancheguiren ingurune arkitektonikoaz eta ingurune naturalaz ere ari gara, monumentu-multzoaren adierazpenak jasotzen duen bezala, Igeldoko hegalak eta itsasoak berak marrazten dituen formekin".

Zinegotziak berak nabarmendu duenez, hurrengo pausoa hautagaitza hori bermatuko duen talde eragile bat sortzea izango da, azkenean Estatuko Gobernuak multzo hori UNESCOren aurrean Gizateriaren Ondare gisa proposa dezan.