DONOSTIA. Atzo arratsaldean, Donostiako 75 eta 90 urte bitarteko 20 pertsonak 'Argibusa' ekimenaren bigarren edizioaz gozatu ahal izan zuten. Dbusek antolatutako ekintza honen helburu nagusia mugikortasun arazoak dituzten agureei hiriko Gabon apaingarriak erakustea da, eta horretarako Donostiako leku esanguratsuenetatik ibilbide bat antolatzen da, autobusez egiten dena. Ekimen honen antolakuntzan Zoroaga Fundazioak garrantzia handia izan du.

Hiria lagunkoia izaten laguntzeko eta adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin Donostiako Udalak bultzatu duen Donostia Lagunkoia izeneko planaren ekimenetako bat da. Horrela, jardueran parte hartu zuten pertsonek arratsalde alaitsua igaro ahal izan zuten eta Gabonetako apaingarriez eroso eta seguru gozatu. Hiritik egin zuten ibilbidean hirian funtsezkoak diren hainbat leku ikusi ziren, hala nola Alderdi Eder, Artzain Ona eta Loiola kalea, Santa Katalina zubia, Frantziako pasealekuaren ingurua, eta Maria Cristina zubia, besteak beste.

Hirira hurbildu eta Gabon garaian kale argitsuetatik ibiltzeko zailtasuna dituzten 75 eta 90 urte bitarteko adineko pertsonak dira. Ekimenari esker hainbat lekutatik igaro ahal izan ziren -kasu batzuetan leku esanguratsuak-, eta pertsona askorentzat ohikoa den jarduera bat gogoratu eta hurbiletik bizi ere bai. Jarduera horretako partaide gehienek senideekin batera egin zuten ibilbidea, esperientzia partekatu ahal izateko, eta zentroko arduradunak ere egon ziren beraiekin.

Pasa den urtean Matia Fundazioaren Lamourous Zentroan bizi zirenen artean jarduerak eduki zuen arrakastaren eta harrera onaren ondoren, aurten Dbusek esperientzia errepikatu nahi izan du, Gabon garai hau atseginagoa izan dadin adineko pertsonentzat eta haien ingurukoentzat. Jarduerak garai hauetako ohiko hitzordu bihurtzeko asmoa dauka, hiriko hainbat egoitzarentzat.