bilbo - Concepcion Maria Carranza hezitzaile feministak irabazi du 2019ko Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria. Epaimahaiak aho batez eman dio saria, 20 urtez El Salvadorren eta Euskal Herrian egoera ahulenetan dauden emakumeekin eta emakume migratuekin egindako lanarengatik.

“Lidergo kolektiboak eraikitzeko lanaren bidez egiten duen ekarpen metodologikoa nabarmentzen dugu, emakume migratuen arrazoi eta aldarrikapen feministak indartuz. Horrekin diskurtsoak aberasten laguntzen ari da, eta emakume askorentzat erreferente bihurtu da, migratuentzat bereziki”, azaldu du epaimahaiak. Zentzu horretan, Carranzak gaitasun dinamizatzaile handiko prozesuak abiatu ditu, ahalduntze-eskolen eta emakumeen etxeen bidez. Eta, epaimahaiaren arabera, bere ibilbidea eredugarria da: “Beste emakume batzuentzat ahalduntze-prozesuen bideratzaile eta lider gisa aritzearekin batera, berak ere sufritu du prekarietatea, beste emakume migratu batzuen modura”.

Gauzak horrela, argi dago sari honen jomuga nagusia: lurralde batzuetako egoerak euskal errealitatearekin lotzeko hainbat ikuspegi eta eremutatik lanean dabiltzan emakume askoren lana aintzatetsi nahi da, bai eta beste diskriminazio-faktore batzuek zeharkatutako emakumeen ahalduntze-prozesuak sustatzen lan egiten dutenei ere. “Gizartean gero eta aldaketa gehiago gertatzen ari diren honetan, elkarrizketa lan hori ezinbestekoa da emakumeen kolektibo guztien beharrak, errealitateak eta berariazko jarrerak ezagutzeko”, gogoratu dute epaimahaikideek. Saridunak 14.000 euro jasoko ditu.

Epaimahaia Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako ia 30 emakumek osatu dute, eta guztiek berdintasunaren alorrean ibilbide luzea izateaz gainera, emakumeen erakundeetan, sindikatuetan eta erakundeetan parte hartzen dute. Aurreneko urteetan, hurrengoak izan ziren sarituak: Bizkaiko Emakumeen Asanblada 2008an, Lilaton taldea 2009an, 2010ean Teresa del Valle, 2011n Irun eta Hondarribiako alarde mistoak, 2012an Bilboko Modulo psikosozialak, 2013an La Posada de los abrazos elkartea, 2014an María de Maeztu Forum Feminista, 2015ean Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sarea eta Hitzez Baserriko Emakumeen Elkartea, 2016an Marta Macho, matematiketan doktorea, 2017an Virginia Imaz klown eta aktorea eta 2018an Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko Masterrak eta Deustuko Unibertsitateko Emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeari buruzko Masterrak.