EIBAR. Aurreko edizioek izan zuten arrakasta kontuan izanda, Eibarko Udalak herriko langabeei bideratutako bi formazio-programa abiaraziko ditu, 45 urte baino gehiago dituztenentzat eta egoera zaurgarrian dauden ekamumeentzat. Honekin lortu nahi dena da aipatutako egoeran dauden pertsonak lan-irteerak izan dezaten lortzea da. Formazioan parte hartzeko baldintza bakarrak Eibarren erroldatuta egotea eta Lanbiden langabetu gisa inskribatuta egotea dira.

Proiektu honen enpresa adjudikazioduna Debegesa izan da eta programa bakoitzean 15 lagunek parte hartuko dute. Prestakuntza-plan hau Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako udal sailak hasitako eta garatutako beste plan batzuei gehitu behar zaie, eta inbertsioa 30.000 eurokoa izango da.

45 urtetik gorakoentzako Planari dagokionez, gutxienez bost urteko lan-esperientzia izan beharko dute. Programa honetarako izena emateko epea abenduaren 9tik 20ra izango da, biak barne, eta aurreikusita dago ikastaroa urtarrilaren 7an hastea Debegesan.

‘Emakumeak’ programarako, ikasleak Orientazio Zerbitzuen, Gizarte Zerbitzuen, Berdintasun Sailaren eta Debegesaren bidez hautatuko dira, eta sail horietako langileak izango dira programan parte har dezaketen emakumeekin harremanetan jarriko direnak. Emakumeak luzaroko langabetuak izan daitezke, atzerritarrak, bere kargu mendekotasuna duten emakumeak edo udal Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileak.

Emakume langabeen kolektiboa Eibarren langabezian dauden pertsonen % 57,7 da, eta lan-merkatuan sartzeko eta irauteko zailtasun handienak dituen multzoa da. Hori dela eta, Udalak pertsona horientzako programa espezifiko hau abiaraztea erabaki du, eta abenduan jarriko da martxan.

Ikastaro bakoitzaren eduki espezifikoaz gain, programa biek honako gaiak landuko dituzte: trebetasun pertsonalak garatzea (komunikazioa, enpatia, erantzukizuna, elkartasuna), trebetasun profesionalak garatzea (talde-lana, arazoak konpontzea), lana bilatzeko orientazioa, eta banakako saioak eta laguntza-saioak gizarteratze sozio-laboraleko prozesuan.

Alberto Albistegui Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziaren iritziz, “Kontuan izanik Eibarko langabeziaren ezaugarriak eta kontziente izanik herriko langabezia-datuak hobetzeko premiaz, Eibarko Udalean helburu hori lortzeko programak sustatzen ari gara, lan-merkatuan txertatzeko zailtasun gehien duten kolektiboen artean; eta, zorionez, parte-hartzaile askok lortzen dute”.