DONOSTIA. Pasa den urtean, Donostiako Udalak 14.883 familiari lagundu zien Gizarte Zerbitzuen bitartez, aurreko urtean baino 283 gehiagori. Horrela azaldu du Aitziber San Román Gizarte Ekintzako zinegotziak Gizarte Ekintzetako Sailaren 2018ko memoriaren aurkezpenean.

Bestalde, Gizarte Larrialdiko Laguntzen familia onuradunen kopurua egonkor mantendu zen 2017rekin alderatuta, baina ia %7 murriztu ziren familia horiek behar izan zituzten ekarpen ekonomikoak, hiriko egoera hobetu zelako. Indarkeria matxistari dagokionez, 172 emakumeri eman zitzaien arreta, 2017an baino 6 gehiagori.

Aitziber San Román Gizarte Ekintzako zinegotziak memoriaren aurkezpenean azaldu duenez, 2018an 28.567.238 euroko aurrekontua kudeatu zuen, aurrekoan baino 2.139.238 euro gehiago (%8 gehiago). Horren harira, zinegotziak azpimarratu du Gizarte Ekintzako aurrekontua handitu egin dela urtero legegintzaldi honetan, eta, zehazki, %15 handitu dela 2015etik. "Egoera ekonomikoa ere hobetu da, eta, horregatik, zenbateko ekonomiko baxuagoak eskatu dituzte hiriko pertsonarik eta familiarik apalenek", gaineratu du.

Mugarririk aipagarrienei dagokienez, San Román-ek adierazi du detekzio goiztiarreko programei esker 1.000 adingabe baino gehiagori "goiz" eman ahal izan zaiela arreta. "Esku hartze goiztiarrez gain, babesgabetasun diagnostiko arin edo moderatuko adingabeen 579 kasutan egin genuen lan, bai eta babesgabetasun larriko beste 103 kasutan ere. Guztira, 1.687 adingaberi egin genien arreta", esan du.