Síguenos en redes sociales:

Pertsona bisitari guztiek wifi doan izango dute bost egunez

BILBO. Itziar Epalza Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak eta Koldo Unanue Euskalteleko Marketin zuzendariak Bilbon aurkeztu dute programa asteazken honetan.

Modu honetan, ekimen berriak aukera emango dio Euskadiri "uda honetatik aurrera pertsona bisitari guztiei wifi doan eskainiko dien lehen helmuga turistikoa izateko".

Jaurlaritzaren, Euskaltelen eta Itourbask Turismo Bulegoen Sarearen arteko lankidetzari esker sortu da ekimena, eta, sektoreko beste eragile batzuekin batera, aukera emango die bisitariei EAE osoan 150.000 wifi puntura doan konektatzeko, batik bat ostalaritza eta merkataritzako zerbitzu zonaldeetan, "euskal industria turistikoa indartzen laguntzeko".

Zehazki, wifi doan izango dute bisitariek, bost egunez, doan deskargatzen den aplikazio bati esker. EAEko 51 turismo bulego eta informazio gunetan bistara egongo da aplikazio hori, eta hiru hilabete igaro ondoren berritu dezakete zerbitzua bisitariek, Euskadira itzultzen badira.

Epalzak nabarmendu duenez, Euskadiko helmuga turistikoa eraikitzen aurrera egitea "posizionatze lanaren lehentasunetako bat izan da urte hauetan zehar".

"Jarduketa teknologikoak gauzatu dira, eta baliabide, informazio puntu eta instalazio turistikoetan wifi sareak ezarri dira, zerbitzu turistikoak eskaintzeko aukera emango duten aplikazio mugikorren garapena eta erabilera hobetuta. Programa hau beste urrats bat da helmuga turistiko adimendun bat izateko bidean", azaldu du.

Jaurlaritzako ordezkariak adierazi du turista potentzialek gero eta gehiago erabiltzen dituztela aplikazio mugikorrak informazioa biltzeko, bidaia egin aurretik eta helmugara iritsitakoan.

Jaurlaritzarentzat, berrikuntza teknologikoa eta ez teknologikoa "funtsezko alderdia" dira helmuga adimenduna izateko helburua finkatzeko. Horrek e-turistaren, hots, Euskadi on line ezagutu nahi duten pertsonen eskakizunari erantzungo dio; izan ere, kontaktuen %40tik gora helmugara bidaiatu aurretik dira eta hona iritsitakoan on line konektatzen jarraitzen dute.

Bestalde, Euskalteleko ordezkariak nabarmendu du "wifi kalean" sareak arrakasta handia izan duela orain arte: 150.000 erabiltzaile aktibo eta erabilera kontzentrazio handia ostalaritzaren eta denda txikien dentsitate handiko zenbait gunetan. "Horiek horrela, erabaki dugu beste pausu bat ematea, abantaila gehiago eskaintzeko negozio txikietako gure bezeroei, eta, gainera, balio ekarpena egiteko euskal gizarteari, herrialdeko turismo industria bultzatuz", azaldu du Unanuek.

ABANTAILAK NEGOZIOENTZAT

Halaber, ekimenari esker, "abantaila handiak" izango dituzte turistentzako wifi seinalea daukaten dendek eta ostalaritzako negozioek, besteak beste, "erakargarriagoak" izango direlako bisitarientzat, doako wifi zerbitzua eskainiko baitie.

Gainera, erabiltzaileak ez du ibili behar establezimendu bakoitzean login edo pasahitza sartzen, sare bera baitago guztietan; beraz, ez zaie azaldu behar erabiltzaileei nola konektatu behar duten taberna edo negozio bakoitzean, automatikoki konektatuko baitira. Halaber, sdegurua da bezeroei eskaintzen zaien wifi zerbitzua, eta negozioko wifi seinale propiotik bereizita dago.

Azkenik, Euskaltelen plan berri bat iragarri du Unanuek: ahalmen handiko 700 wifi guneren hedapena, wifi sarea hobetzeko Euskaltelen bezeroei eta turistei. Bestalde, "Euskaltelen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren garrantzia" azpimarratu du, "Euskadirako onuragarriak diren proposamen berriak baitakartza".