Uda datorrela eta, aisialdirako begilare ikastaroetan izena emateko epea hasi da Durangaldean. Aurten berriro ere Gaztedi Durangalde taldea, gazte-enplegua sustatzeko asmoz, aisialdi-begirale izateko kurtsoak jarri ditu martxan. Izena emateko aurrematrikula epea ekaineko 14an hasi zen eta uztailako 29raino zabalik egongo da.

Haur eta gazteentzako aisialdiko begirale ikastaro berria eskualdeko 18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Interesa duten pertsonek dagoeneko izena aurretik emateko epea zabalik dute uztailaren 28ra arte. Plazak mugatuak direnez, eskaintza gaindituz gero zozketa bidez esleituko dira.

Prestakuntza euskaraz emango da, urrian hasi eta ekainera arte luzatuko da, eta Gaztedi Durangaldean erroldatuta dauden herritarrei zuzenduta dago. Durangaldearen barnean Abadiño, Amorebieta-Etxano, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Mallabia eta Zaldibar udalerriak parte hartuko dute proposamen honetan.

LAGUNTZAK

Ikastaroak 100 euroko kostua du eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen du Durangaldearen bitartez. Programa horretan Durangaldeko Mankomunitateak eta Amorebieta-Etxanoko eta Ermuko Udalek parte hartzen dute. Ikastaro honek Eroskiren laguntza ere jasotzen du, izan ere, aniztasuna errespetatuko duen kanpamentu inklusiboa antolatzeko bi saio espezifiko eskaintzen ditu

Aisialdiko begirale ikastaro berria Durangon egingo da, 150 orduko prestakuntza teorikoa barne, urritik ekainera, eta, ondoren, 160 orduko praktikak. Atal teorikoan ondoko gaiak jorratuko dituzte partehartzaileek: haurren eta gazteen aisialdiko hezkuntza jarduerak, talde eta hezkuntza prozesuak, eta halaber, aisialdiko jardueretako animazio teknikak eta baliabideak. Prestakuntza osatzen dutenek profesionaltasun-ziurtagiria jasoko dute haurren eta gazteen aisialdiko jardueren dinamizazioan.