zinema

Erraldoien istorio bat

Zinemalditik igaro ostean, zinema areto komertzialetan ikusgai da jada Fermin Muguruzaren ‘Black is Beltza’. Raul Fernandezekin batera osatu du irundarrak animaziozko filmaren soinu banda

Etxahun gonzalez - 2018(e)ko urriaren 7a, igandea - 17:15etan eguneratua

Komiki jaiotzetik animazio pelikula izatera iritsi da Fermin Muguruzaren ‘Black is Beltza’. gorka estrada

Komiki jaiotzetik animazio pelikula izatera iritsi da Fermin Muguruzaren ‘Black is Beltza’

Galería Noticia

Komiki jaiotzetik animazio pelikula izatera iritsi da Fermin Muguruzaren ‘Black is Beltza’. gorka estrada

1965eko urriaren 6a. Urte hartako udazkenean, Nazioarteko Feria antolatu zuten New Yorkeko Sagar Handian eta Espainiar Estatua ordezkatzera joan ziren Iruñeko San Ferminetako erraldoiak, dantzariak, musikariak... Hiriko bosgarren etorbidean desfilatzeko aukera izan zuten dantzari eta erraldoiek, baina ez guztiek, eta ez nahi izan ez zutelako. Garai hartako lege arrazisten ondorioz, konpartsako erraldoi beltzek ezin izan zuten dantza egin.

Gertaera hori oinarrian, fikzioa eta errealitatea uztartzen dituen Black is Beltza helduentzako komikia idatzi zuten 2014an Fermin Muguruzak, Harkaitz Canok eta Jorge Alderetek. Urtetako prozesu luze baten ondotik, animaziozko filma osatu dute, istorio bera oinarrian, Muguruzaren zuzendaritzapean.

Manex Unanueren istorioa asmatu dute horretarako, erraldoi beltz horietako bat garraiatzeko ardura zuen fikziozko pertsonaia. Gazte honen begietatik, 1960ko hamarkadaren erdialdean gizartea errotik astindu zuten gertaeren berri ematen du filmak: Malcolm X-ren hilketak eragindako gatazkak, Warholen faktoriako atmosfera bizarroa, Black Pantherrek Kubako zerbitzu sekretuekin jorratutako harremana edo hippyen hastapenak, lehen musika jaialdi erraldoietako giro psikodelikoan.


Musikaz blai Eleberri grafikoarekin egin bezalaxe, Black is Beltza-ren irudiak doinuz jantzi ditu Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslari ohiak, oraingoan Raul Fernandez Refree musikari eta ekoizle katalanak lagunduta. Sant Andreuko (Bartzelona) Fabra i Coats Sormen Fabrikako espazio batean instalatu ziren eta bertan sortu zuten filmaren musika.

Garai hartako soinu bandaz lagundu dute pelikula, AEBetako gizartean pil-pilean zeuden eromen psikodelikoan eta kultura hippyaren hastapenetan murgiltzen gaituen musikarekin, bai eta Gerra Hotzaren nondik norakoetan kokatu eta Black Panther mugimenduaren sorburuan kokatzen gaituen doinuekin. Hala, Muguruzaren beraren kantu zaharrak, beste musikari batzuen iraganeko abestiak, doinu herrikoiak eta filmerako bereziki sortutako pieza berriak uztartzen ditu Black is Beltza-k: besteak beste, 60ko hamarkadako The Velvelettes taldearen He Was Really Saying Something entzun daiteke protagonista New Yorkeko Apolo klubera iristen denean;Negu Gorriak-en Errespetua bertsio kantua (Otis Reddingen Respect) istorioa Monterreyko jaialdian gara-tzen denean;Cheikha Rimittiren omenezko kantua pasartea Aljeriara lekualdatzen denean, eta Mikel Laboaren Apur dezagun katea kantua, Anarik abestuta, kontakizuna Euskal Herrian gertatzen denean.

Luzea da filmak batzen dituen kantu eta doinuen zerrenda, baita proiektuan parte hartu duten musikariena ere. Besteak beste, Maika Makovskik, Ana Tijouxek, Anarik, Iseok, Brenda Navarretek, The Sey Sistersek, Manu Chaok, Rosaliak, Sonido Gallo Negrok, Yacinek, Ceci Bastidak eta Amel Zenek parte hartu dute.

izen handiak Ikus-entzunezkoen munduan izen handia duten marrazkilari eta diseinatzaile ugari ere batu ditu Muguruzak proiektu honetan, Josep Homs, Mikel Antero edota Dargaud argitaletxea tarteko. Komikiko marrazkiak animatzeko ardura, baina, Beñat Beitia arte zuzendariak eta Iñigo Berasategi animazio zuzendariak hartu dute. Irungo Dibulitoon Studio, Argentinako Draftoon Animation Studio, Valentziako Hampa Studio, Bartzelonako Nueveojos eta Madrilgo UserT38 estudioak erabili dituzte horretarako.

Eta pertsonaia animatuei ahotsa jartzeko, Unax Ugalde, Isaach de Bankole, Iseo, Sergi Lopez, Ramon Agirre, Rossy de Palma, Ramon Barea, Willy Toledo, Angelo Moore, Maria de Medeiros, Jorge Perugorria, Hamid Krim eta Emma Suarez aktore entzutetsuak batu ditu proiektuak. Aktore hauek euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz kontatuko dituzte Manexen istorioak.

seigarren filma Musikagile, abeslari eta ekoizle izateaz gain, zinemagile gisa ere definitu behar da Fermin Muguruza (Irun, 1963). Black is Beltza seigarren filma du bere filmografian eta azken lan honekin laugarrenez hartu du parte Donostiako Zinemaldian (hirutan zuzendari bezala eta behin epaimahaikide bezala). Euskal Herria Jamaika Clash diskoaren grabazioa oinarri hartuta, Bassque culture (Talka, 2006), Jamaika eta Euskal Herriko erroak lotzen dituen dokumentala izan zen lehena. 2009an Checkpoint Rock (Filmanova/K200) dokumentala zuzendu zuen, Palestinako musika “iluntasunetik ateratzeko” helburuarekin. Al Jazeeraren dokumentalen katerako lanean ibili zen 2011. urtean, Next Music Station proiektuarekin.

Herrialde arabiarretako musikari buruzko dokumental sorta bat ere zuzendu zuen Muguruzak, eta Libano, Siria, Aljeria, Tunez, Maroko, Egipto, Kuwait, Oman, Yemen eta Sudaneko musikariak elkarrizketatu zituen proiektu horretarako. Urtebete beranduago Zuloak (Talka, 2012) dokumentala zuzendu zuen musikari irundarrak, emakumez osatutako Zuloak rock taldearen ibilbidearen inguruko lana. Azkenik, 2015ean, New Orleanseko The Big Easy-ra joan zen Muguruza Irun Meets New Orleans diskoa grabatzera. Katrina urakanaren 10. urteurrenaz baliatuta, Nola? (Talka, 2015) dokumentala grabatu zuen, bertako musikarien kontakizunak eta doinuak Katrina urakanaren ondorioen inguruko gogoetekin tartekatuz.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120