Talaieroa

Euskarak egunero behar gaitu

Erramun Osa - Martes, 2 de Octubre de 2018 - Actualizado a las 06:00h

Asteon bilkura egingo da Arantzazun, duela berrogeita hamar urte, euskararen batasunaren oinarrizko adreiluak jarri zituen 1968ko bilkura gogoangarriaren gomutaz. Gauza jakina da, norberaren jardunetik haragoko aldaera baten aldeko aldarria ez zela Arantzazun jaio, mende batzuk lehenago, Leizarragak egin baitzuen norabide horretan bere ekarpentxoa, XVI. mendean, Nafarroako erreginaren eskariz, Itun Berriaren lehen bertsioa paratu zuenean, hain zuzen. Mendeak igaro ziren, ordea, batasunaren auziari zuztarretik heldu zitzaionerako.

XIX. mendean, besteak beste, hainbatetan aipatu zen euskal hiztun guztiak ordezkatuko zituen Akademia bat sortu beharra. Gaiak indarra XX. mendean hartuko zuen. Arrakasta izan duen azken ahalegina, 1918koa baita, urte bat lehenago jeltzaleek Bizkaiko Diputaziorako -foruak ezabatu ondoren, Diputazio bilakatu bai-tzen- hauteskundeak gehiengo osoz irabazi eta gure hizkuntza, kultura, ekonomia eta abar indarberritzeko konpromiso sendoa hartu baitzuten. Bizkaitar diputatu abertzaleek Euskararen Akademia sortzeko egitasmoa 1918ko urtarrilaren 25ean onartu zuten... tarte bat lagaz gainerako euskal lurraldeak egitasmoarekin bat egin zezaten, bai eta Ipar Euskal Herriko euskal hiztunek ere.

Euskaltzaindiak 1919an, Gipuzkoako Diputazioan, lehenengo Osoko bilkura egin eta berehala ekin zien batasunaren auziari heltzeko azterlan eta proposamenei. Garaia ez zen erraza, euskal ikasketen inguruan zeuden azterlanak oso urriak baitziren, zimenduak oso labainkorrak eta eztabaidak gorabeheratsuak... eta halako lanei ekiteko giro politikoa, berriz, oso aldrebesa zen, besteak beste, Primo de Rivera eta Francoren etorrerek hasieran hainbat lan geldiarazi baitzituzten. Pasa den mendeko berrogeita hamargarren hamarkadan, ostera, ikastolak sortzeko mugimendua birsortzen hasi, idazleak indarra eta kultur sortzaileak plaza hartzen hasi ziren... testuinguru horretan Euskararen Akademia berrindar-tzeari ekin zi-tzaion, kide gazte berriak erakarriz eta izendatuz.

Indarra hartzen hasi zen euskararen batasunari heldu beharra baldin euskarak etorkizunik izango bazuen. Ez batasunarekin euskarak, euskal hiztun elkarteak, etorkizuna segurtaturik duelako, bera gabe irauterik ez duelako baizik. Ondorioz, batasuna, bere gorabehera guztiekin, herritar anonimo eta ez hain anonimo askoren lorpena da, norbaitena baldin bada. Idazleak, irakasleak, teknikariak, sustatzaileak, euskararik jakin ez eta bere seme eta alabei euskaraz irakasteko ahalegina egin duten gurasoena eta abar. Horiek dira euskarari geroa segurtatzearen arduradunak.

Gaur beste kezka batzuk ditugu. Euskara unibertsitateetan, herri-erakundeetan, hedabideetan zein bestelakoetan euskara ohiko hizkuntza bilakatzea, bai eta hurreko jardunerako, lagunarterako -bereziki, hiri eta herri handietan- gero eta erabilgarriago egitea ere... hori euskararen bidez egin dezakegu soil-solik! Erabiltzen ez den euskarak ez baitu biderik egiten, horixe delarik izan dezakegun euskararik txarrena eta antzuena. Saia gaitezen, beraz, euskarari espazio berriak ematen, dituenak berritzen datozen urteak are oparoagoak izan daitezen.

etiquetas: erramun osa

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120