Idazlea

Eider Rodríguez: “Gaur egun euskal literatura oso momentu ona ari da bizitzen”

EHUko irakasle den Eider Rodríguez-ek ‘Bihotz handiegia’ liburuan bildu dituen sei ipuinak instituzioen errekonozimendua lortu du

Ane Lópezen elkarrizketa - 2018(e)ko urriaren 2a, asteartea - 06:00etan eguneratua

Eider Rodríguez

Eider Rodríguez (Ruben Plaza)

Galería Noticia

Eider Rodríguez

BILBO- Aurtengo Euskadi Literatura sariaren irabazle da Errenteriako idazlea. 1977an jaioa, publizitate eta zinema ikasketak egin zituen, bere pasioa den literaturan murgildu aurretik.

Nola hasi zinen literaturaren munduan?

-Lehenengo liburua 2004an argitaratu nuen. Nik Publizitatea ikasi nuen, ez du literaturarekin zerikusirik baina idaztea gustoko nuenez, honekin jarraitzea erabaki nuen.

Nola jaio zen ‘Bihotz handiegia’ liburua?

-Ipuinka sortu zen. Idazten hasi eta nire buruarekin egindako tratua bete nuen: ipuinka joan, inolako presiorik gabe. Bost ipuin idatzi ondoren, liburu bat egiteko materiala zegoela ikusi eta editorearekin hitz egitea erabaki nuen. Azkena, seigarrena, libururako pentsatu nuen bakarra izan zen, besteetan ez bezala. Horregatik, haien artean ez dute erlaziorik, hasiera batean liburu bat idaztea ez zelako nire helburua.

Zertan oinarritzen zara zure istorioak sortzeko? Zure bizipenekin erlazionatuta daude edo fikziozkoak dira erabat?

-Normalean fikziozkoak izaten dira. Hala ere, nire lagunen batek izandako esperientziaren batean oinarritutako istorioak, prentsan irakurritako zerbait... izan daitezke. Istorioak sortzeko abiapuntuak milaka izan daitezke. Gainera, ipuin bakoitza sortzeko egoera ezberdina da beti.

Lehenengo liburua idatzi zenuenetik zertan aldatu da zure idazteko era eta istorioak?

-Nik uste dut aldatu dela.Espazioan luzatu egin ditut eta sakontasunean ere moldatuz joan direla pentsa- tzea ere gustatzen zait.

Euskal Herriko lokalizazioak agertzen dira sarritan. Ezagutzen dituzun lekuetan zentratzea gustoko duzu?

-Bai oso garrantzitsua da hori niretzat. Lokalizableak diren espazioak, denborak, pertsonak eta izenak erabiltzea. Nik hemengo izenak jartzen ditut, eta testua Euskal Herrian ainguratzen saiatzen naiz beti.

Nola ikusten duzu gaur egun euskal literatura?

-Nire ustez oso momentu ona ari da bizitzen euskal literatura. Gauza ezberdin asko ari da idazten, genero eta ahots ezberdinekin.

Zer suposatu du zuretzat euskal literatura saria irabazteak?

-Poz handia sentitu dut, baina baita beldur pixka bat ere. Baina gailentzen den sentimendua poza da.

Umeentzako liburuak, saiakerak, ipuinak... genero asko lantzen dituzu. Zein da gustokoen duzuna?

-Ipuina dut gustokoen. Ni ipuingilea naiz, eta beste generoetan ida- tzitakoak istripuak izan dira, gustora egindakoak, baina istripuak.

Zergatik aukeratu duzu izenburu hori?

-Alde batetik, lehenengo istorioaren izenburua da, eta orain arte nire liburuei beti jarri izan diet ipuin baten izenburua. Gainera, liburu osoan dagoen zerbait biltzen duela uste dut. Kontradikzioa da: zerbait ona dela ematen du, eskuzabaltasuna positiboa delako. Hala ere, gehiegizko eskuzabaltasunak mugak ere baditu. Gainera, kardiopatia ere da bihotz handiegia izatea. Beraz, batetik onegia izan daitekeen zerbait islatzen du eta bestetik, gaixotasuna. Kontraesan horiek liburuan bertan aurki daitezke.

Zure lanik onena dela esango zenuke?

-Hori besteek esan behar duten zerbait da. Nik esan dezakedan gauza bakarra gustora geratu naizela da.

Hurrengo libururako ideiarik duzu jadanik?

-Lanean ari naiz jadanik. Sariaren zurrunbiloa pasatu bezain pronto jarraitu nahi dut.

Nola uztartzen duzu unibertsitateko irakasle lana eta idazketa?

-Unibertsitatean idatzi ahal izateko sartu nintzen, banekielako denbora utziko zidala idazteko. Ez zen bokazionala izan, baina oso gustora nago.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Cultura

ir a Cultura »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120