Aresti ingelesera itzultzeagatik

Amaia Gabantxo bermeotarrak irabazi du Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria

"Harri eta herri" eta "Maldan behera" lanak itzuli ditu eta Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies zentroak argitaratu

EP - 2018(e)ko irailaren 28a, ostirala - 15:27etan eguneratua

Amaia Gabantxok irabazi du aurtengo Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria

Amaia Gabantxok irabazi du aurtengo Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria (Irekia)

Galería Noticia

Amaia Gabantxok irabazi du aurtengo Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria

Amaia Gabantxo (Bermeo, 1973) idazle eta itzultzaileak irabazi du Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren laugarren edizioa, Gabriel Arestiren "Harri eta herri" (Rock &Core) eta "Maldan behera" (Downhill) lanak ingelesera itzultzeagatik. Renon (AEB) dagoen Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies-ek argitaratu ditu idazle bermeotarraren itzulpenak, edizio bakar batean.

BILBO. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Inaxio Garro Laboral Kutxako Euskara arduraduna izan dira ekitaldian, saridunarekin batera, Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon.

Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria 4.000 euroko sari bakarra da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatzekoa. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira itzulpenaren kalitatea eta literatur lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana. Halaber, irabazleek 2.000 euroko laguntza jaso dute saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatur lana argitaratu den herrialdean sustapen lanarekin jarraitzeko (aurkezpenak, publizitate kanpainak eta abar).

Bingen Zupiriak nabarmendu du itzulpenek euskarari zein euskal kulturari "ateak irekitzeko" duten garrantzia. "Amaia Gabantxok egin duen lanari eta, oro har, itzulpenei esker, gure mugez harago eraman dezakegu gure hizkuntza, kultura eta sortzaileen talentua. Itzulpenak oso garrantzitsuak dira euskal kultura nazioartekotzeko, hain zuzen ere, Etxepare Institutuaren helburu nagusietako bat", adierazi du.

Halaber, Inaxio Garrok adierazi du epaimahaiak itzulpenaren kalitatea eta argitaletxeak egin duen sustapen lana baloratu dituela saria erabakitzeko orduan, eta erabakia aho batez hartu duela. Gabantxok egindako itzulpenen inguruan, bere "egokitasuna" nabarmendu du, "tonuari eta erritmoari eusten" baitio. "Itzulpen librea baina justifikatua" dela adierazi du, "jatorrizko bertsioaren esanahia edo zentzuari jarraitzen diona".

Era berean, Garrok azaldu duenez, aukeratutako itzulgaiaren garrantzia nabarmendu nahi izan du epaimahaiak: "Obra kanonikoa da, balio akademiko handikoa, ingelesera itzulita izatea merezi duena". Azkenik, epaimahaikideek azpimarratu dute lan honek "bide luzea" egin dezakeela akademikoki.

Sariaren laugarren edizioan honako hauek osatu dute epaimahaia: Inaxio Garro Laboral Kutxako Euskara arduradunak, Garbiñe Iztueta Etxepare Institutuko Euskararen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendariak, Juan Garzia itzultzaileak, Elisabeth Manterola Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasle eta Euskarazko Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interprete Elkarteko (EIZIE) kideak eta Mikel Lasa Etxepare Institutuko Komunikazio arduradunak.

IRABAZLEA
Amaia Gabantxo (Bermeo, 1973) idazlea, flamenko abeslaria eta euskal literaturan espezializatutako itzultzailea da. Lan eskerga egin du itzultzaile moduan, eta berari esker itzuli dira ingelesera "Twist" eta "Belarraren ahoa" (Harkaitz Cano), "Kristalezko begi bat" (Miren Agur Meabe), "Zorion perfektua" (Anjel Lertxundi), "Vredaman" (Unai Elorriaga) edo "Borrokaria" (Bernado Axaga), aurten saritutako "Harri eta herri" eta "Maldan behera" (Gabriel Aresti) lanekin batera, besteak beste.

Gabantxo kolaboratzailea da zenbait literatur argitalpenetan, kritikari zein editore gisa. Euskara, literatura eta sormen idazkera irakasten ditu Chicagoko Unibertsitatean eta hiri horretan barrena emanaldien protagonista izan ohi da.

Sarituak Arestiren "Ni eta nik diodana" poema euskaraz eta ingelesez irakurriz hasi du bere hitzaldia. Gogoratu du nerabezaroan Aresti lehen aldiz irakurri zuenean "flipatu" egin zuela eta inoiz ez zuela halako poesiarik irakurri euskaraz. "Poesia hau mundua aldatzen duen poesia da", pentsatu zuela esan du.

Irakurtzen ari zena "mugarri bat" zela iruditu zitzaion, eta, liburutik begiak kendu zituenean, "mundua ezberdina" zela, "disdiratsuagoa eta argi ezberdinekoa".

Euskara eta euskal literatura ingelesera itzultzeko "misioan" sartu zenetik lan ugari itzuli dituela adierazi du, baina, bakar batek ere ez diola "exijitu" Arestik exijitu diona itzultzerakoa orduan.

"Hasi eta gelditu, hasi eta gelditu nenbilen. Ez negoen pozik paperean eta monitorean ikusten nituen hitzekin. Orduan, ez dakit zergatik, Arestiren poemak ingelesez ahoskatzen hasi nintzen, poemak ahoz itzultzen eta grabatzen, eta desblokeatu egin nintzen eta Arestiren poemak ingelesez idazteko estrategia aurkitu nuen: ahozko poesia, bertsolaritza, Arestiren poesiaren bihotzean bizi den espiritua", azaldu du.

Ildo horretan, Gabantxok nabarmendu duenez, "euskal kulturak horrenbeste iraun badu, gure ahozko ohiturengatik da". Ekitaldia bukatzeko, itzultzaile bermeotarrak eskerrak eman dizkie Renoko bere lankideei, Etxepare Institutuari eta Laboral Kutxari, Bizkaiko Aldundiari eta bere familiari, eta Bernat Etxepareren "Euskara jalgi hadi mundura" bertsoa abestu du.

ETXEPARE-LABORAL KUTXA
Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatur lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia. Sariak itzultzaileen ezkutuko lana nabarmendu nahi du.

Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkez daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura-lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2017. urtean argitaratutakoa izate (aurtengo edizioaren kasuan).

4.000 euroko sari bakarra ematen da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatzekoa. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatur lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanarekin jarraitzeko (aurkezpenak, publizitate kanpainak eta abar).

Sariak bat egiten du Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatu eta nazioartean ezagutzera emateko lantzen dituen lan ildoekin.

Literaturaren alorrean, itzulpenak egiteko diru laguntzak eskaintzeaz gain, euskal idazleentzat bidaia poltsak ematen ditu eta nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen du. Halaber, sari honen bitartez, Laboral Kutxak euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa berresten du.

Aurreko urteetako irabazleak hurrengo hauek izan dira: 2015ean, Isaac Xubín eta Kalandraka argitaletxea, Joseba Sarrionaindiaren "Tempo de exilio" poesia antologia galegora itzultzeagatik;2016an, Nami Kaneko eta Hakusuisha argitaletxea, Kirmen Uriberen "Mussche" eleberria japonierara itzultzeagatik;eta 2017an, Yaroslav Gubarev eta Anetta Antonenko, Bernardo Atxagaren "Behi euskaldun baten memoriak" eleberriaukrainerara itzultzeagatik.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120