Bilbo garbi egoteko aste nagusiko egunetan

Garbiketa eta lorezaintza zerbitzuko 600dik gora langile arituko dira lanean

Bilboko Udalak dei egiten die herritarrei modu egokian erabiltzeko edukiontziak, hondakinak birziklatzeko


deia - 2018(e)ko abuztuaren 10a, ostirala - 12:44etan eguneratua

Garbiketa eta lorezaintza zerbitzuko 600dik gora langile arituko dira lanean

Garbiketa eta lorezaintza zerbitzuko 600dik gora langile arituko dira lanean

Galería Noticia

Garbiketa eta lorezaintza zerbitzuko 600dik gora langile arituko dira lanean

Etxebarria parkean, iaz legez, zirku bat eta 72 postu eta atrakzio egongo dira. Areatzan, berriz, konpartsen 28 txosna jarriko dira. Irabazi asmorik gabeko beste 10 txosna ere jarriko dira uriko beste jai-esparru batzuetan. Uriko zenbait lekutan ostalaritzako 116 terraza jartzeko baimena ere eman da.

Itsasadarreko ur-xafla eta beheko aldeetako, kaietako eta eskaileretako garbiketa-zerbitzua areagotu egingo da, San Anton zubiaren eta Itsas Museoaren artean lan egingo duten ontzi bi erabilita. Iaz, 5,5 tona inguru hondakin batu ziren.

Bilboko Udala azken lanak egiten ari da 2018ko Aste Nagusia prestatzeko. Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailak operatibo berezia antolatu du jaiak behar bezala joan daitezen, uriko jai-esparruen inguruetan bizi direnen bizimoduaren kalitatea jagonda. 600dik gora langile (560 garbiketakoak eta 60 lorazaintzakoak eta hiri-altzarietakoak) arduratuko dira uria garbi edukitzeaz, bai kaleetan eta oinezkoen alderdietan, bai parkeetan eta lorategietan.

GARBIKETA ETA HONDAKINAK BATZEA

Bilboko Udalak, aurreko urteetan bezala, jaien hasiera eta txupin garbiak izatearen aldeko apustua egin nahi du berriro ere eta erabat baztertzen du zikintzeko eta pertsonei eta Bilboko ondareari arrautzen, irinaren eta likidoen nahasketaz eraso egiteko ohitura. Udalak dei egiten die herritarrei lagundu dezaten jaietan denek modurik onenean gozatu ahal izateko. Udalak garbiketa-zerbitzu berezia aurreikusi du Aste Nagusi osorako. 560 langilek eta 117 ibilgailu eta makinek osatutako zerbitzu berezia arduratuko da Aste Nagusiaren edizio honetan hiriko jai-esparruak garbi uzteaz, gaueko gehiegikeria saihestezinen ondoren. Langile horietatik 264 jaietan soilik arituko dira.

Arriaga Antzokian txupin tradizionala jaurtita Aste Nagusia abiatuko den egunean, hau da, abuztuaren 18an (zapatua) hasiko da garbiketa-zerbitzu berezia. Hogeita hamar bat pertsona eta hamabi ibilgailu arituko dira lanean, ekitaldia amaitu eta gero, plaza ahalik eta azkarren garbi gera dadin

Biharamunean, Balearen Desfilea amaitu ostean, 35 pertsonek eta 20 ibilgailuk eta makinek osatutako talde bereziak ospakizun jendetsu horretako hondakinak batu eta Kale Nagusiaren inguruko kaleak txukun eta garbi utziko ditu.

Garbiketa-taldeei euren lana egiten uzteko eskatzen zaie herritarrei. Lan hori goizeko 06:00etan hasiko dira egiten Areatzako jai-esparrua garbi-garbi egon dadin 11:30erako. Plaza Biribilean ere oso azkar egin ohi dira lanak, ahalik arinen uzteko libre ibilgailuen zirkulaziorako.

Europa parkean, kontzertuetarako gunea egunero prest egoteko, abuztuaren 22tik 26ra bitartean 60 langile eta 14 ekipamendu mekaniko arituko dira hor lanean kontzertuak amaitzen direnean, goizean behar bezain garbi egon dadin.

Bestalde, uria garbi edukitzen laguntzeko, beste 249 edukiontzi ipiniko dira, kale-zurrutaren ondorioekin zeharo amaitzeko. Aste Nagusiko jai-esparruetan jarriko dira. 16 langilek eta 4 ibilgailuk osatutako talde berezi bat gertu egongo da kale-edanaren hondakinak ahalik eta arinen ezabatzeko, Abandoibarran, Campo Volantinen, Botikazarrean, Casilda Iturrizar parkean, Indautxu plazan, Bizkaia plazan, Uribitarten, Bizikidetasun plazan, Albia lorategian, Quintana plazan, Naxa kaian edo Europa parkearen inguruetan, besteak beste.

Aurreko urteetan legez, Areatzako txosnek zenbait langile eta ibilgailu izango dituzte beirak eta ontziak biltzeko soilik. Horretarako, birziklatu daitezkeen hondakin-frakzioetarako 100 edukiontzi baino gehiago erabiliko dira, txosnetako barruko espazioetan jarrita.

Era berean, Udalak kale-garbiketako eta zabor-bilketako zerbitzuei normal eutsiko die uriko bazter guztietan. Gainera, ahaleginak areagotuko ditu Areatzan, Zazpi Kaleetan, Botikazarrean, Etxebarria parkeko barraken eremuan, Europa parkean eta Casilda Iturrizar parkean;hain zuzen ere, toki horietan, lehendik zeuden paperontzi eta edukiontziez gain, tamaina ertaineko beste 450 edukiontzi jarriko dira, jai-guneen artean banatuta. Guztiak egiteko bereizita egongo dira, birziklapena errazte aldera.

Iaz, 609 tona hondakin batu ziren Aste Nagusian (aurreko urtean baino % 3 gehiago);kopuru horretatik 509 tona gainerako hondakinetarako edukiontzi berdean bildu ziren;halandaze, birziklatu daitezkeen frakzioak (beira, kartoia, organikoa, ontziak) behar bezala erabiltzeko eskatzen zaie herritarrei eta bisitariei.

Beste alde batetik, 2017ko Aste Nagusiko garbiketa-lanetan % 10 egin zuen behera uraren gastuak;alabaina, kiratsak kentzeko, desinfekzioak egiteko eta abarrerako erabiltzen den desinfektatzailearenak % 15 egin zuen gora.

PARKEEN ETA LORATEGIEN GARBIKETA

Aste Nagusian badira lorategiak eta parkeak dituzten jai-esparruak. Hortaz, Udalak lorazaintzako zerbitzu berezia eratu du berdegune horiek garbitzeko. 60 langilek osatzen dute Aste Nagusirako zerbitzu hori.

Etxebarria parkean, barrakak jartzen direnetik kendu arte, garbiketa-zerbitzu berezia jarriko da, batik bat, Etxebarria parkean eta inguruetan (Mallona, Zumalacarregui, Elizalde etab.). Euren ardurapean utzitako gunea ez eze, su artifizialak jaurtitzeko gunearen barruko garbiketa ere egin beharko dute.

Jaiak amaitu ostean, ereite-lanak ere egin beharko dira berriro zirkua, atrakzioak eta ostalaritzako postuak egon diren aldeetan.

Europa parkeko eta inguruetako garbiketa kontzertuak amaitzen direnean hasiko da. Langileez gain, haize-makinak, eskuz maneiatzeko tresnak eta makinak izango ditu ekipoak, lorategietan eta parkean botatako hondakinak jaso eta dena garbi uzteko goizerako. Horrez gain, lorategi hauek ere garbituko dituzte: Udaletxekoa, Campo Volantin, Unibertsitate etorb., Salbea, Garate Anaiak, Casilda Iturrizar, Botikazar, Abandoibarra, Uribitarte, Venezuela, Albia, Uribitarte arrapalak, Zabalgunea, Lersundi, Moyua eta Jado.

Zerbitzutik kanpo utziko dira zenbait jai-esparrutako ureztatze-sistemak eta, beraz, eskuz zabaldu beharko dira goizetan Etxebarria parkeko su artifizialen gunean, garbiketa-lanak amaitu ondoren.

Egunero, eta su artifizialak jaurti baino lehen, inguruko guneak ureztatuko dira landareak bustitzeko eta suterik gerta ez dadin.

Hala berean, ezponden eta hiri-altzarien zerbitzua umeentzako guneak garbitzeaz eta ikuskatzeaz ere arduratuko da. Gune horiek egunero aztertzen dira umeen segurtasunean eragina izan ditzaketen gorabeherak (ondo ez dabiltzan elementuak, kristalak…) topatu ahal izateko. GARBIKETA ITSASADARREAN

Itsasadarreko ur-xafla eta beheko aldeetako, kaietako eta eskaileretako garbiketa-zerbitzua Aste Nagusian areagotu egingo da, San Anton zubiaren eta Itsas Museoaren artean lan egingo duten ontzi bi erabilita. Horrez gain, kaietatik ur-xaflara sartzeko eskailerak garbitu eta desinfektatuko dira. Ur-xaflan langa flotatzaileak ere ipiniko da, Udaletxearen parean, hondakinik itsasoratu ez dadin.

Iaz, ontzi bi horiek 5,5 tona hondakin jaso zituzten, gehienbat flotatzen zeuden plastikoak, edalontziak, kartoiak eta itsasadarrera jaurtitako edukiontzi batzuk. 2016an baino % 16 gutxiago jaso zuten.

AURRETIKO LANAK

Jaiak ospatu ahal izateko, Bilboko Udalak aurretiaz hiri-altzariak kendu behar izaten ditu txosnak, eszenatokiak, barrakak eta abar jartzeko erabiliko diren lekuetatik;horrez gain, leku horiek ondo garbitu behar ditu, erabilera berria eman baino lehenago.

300dik gora elementu dira: paperontziak, edukiontziak, bankuak, bizikleten aparkalekuak, umeentzako jolasak, hesiak, e.a.

Elementu horien artean 59 jardinera ere badaude, Areatzatik, Arriagatik, Arriagaren atzealdetik, San Nikolasetik, Gaseko plazatik, Berasteguitik eta Pio Barojatik kendu beharrekoak. Kobetamendi parkera eraman ohi dira Aste Nagusia amaitu arte. Begoñako Basilikan ere, hormigoizko 27 jardinera inguruko kaleetara eramaten dira, postuak jartzeko Begoñako Andra Mari egunean.

Guggenheim Museoko txorroen iturria ere itxi egingo da, Abandoibarrako eszenatokia jartzeko. Jai-esparru izango diren berdeguneetan ere belarra eta zuhaixkak moztu, loretan dauden parterreak jorratu eta antzeko lanak egiten dira.

JAI ESPARRUAK

Espazio Publikoa Erabiltzeko Bulegoaren lanen artean, jai-esparruen eta jai-esparruetan egun hauetan egingo diren jardueren koordinazioa dago. Hartara, azpimarratzekoa da Etxebarria parkean, iaz bezalaxe, 72 postu eta atrakzio eta zirku bat egongo direla. Postuen kokalekua iazkoa izango da. Abuztuaren 7an hasi ziren postuok ipintzen eta irailaren 3tik 5era bitartean kendu beharko dituzte. Atrakzioen prezioak ere iazko berberak izango dira (gehienez 3 euro), baita bidaien iraupena ere (gutxienez minutu bi)

Areatzako jai-esparruan, berriz, konpartsen 28 txosna jarriko dira. Beste jai-esparru batzuetan irabazi asmorik gabeko 10 txosna egongo dira: 3 Plaza Biribilean, 2 Berasteguin, 4 Pedro Ibarretxen eta bat Pio Barojan.

Uriko zenbait lekutan ostalaritzako 116 terraza jartzeko baimena ere eman da.

KOMUN PUBLIKOAK

Jai-esparruetako garbitasunari begira eta hatsik eta kiratsik ez zabaltzeko, ahalegin handia egin da txorroko ura duten komun ugari jartzeko denen eskura. Jai-esparruan zenbait tamaina eta motatako moduluak jarriko dira;banakako 231 komun izango dira guztira;horietako 80 komun kimikoak dira, 135 urez garbitzekoak eta, beraz,pertsona bat egongo da han garbiketa egiteko eta komuneko papera emateko;denek dituzte konketak eta ispiluak. Beste 16 komun mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat izango dira.Komun horiez gain, gizonezkoentzako 90 pixatoki jarriko dira;hortaz, aldi berean 200 pertsona inguruk erabili ahal izango dituzte. Areatzan emakumeentzako 6 pixatoki ere egongo dira. Komunak jai-guneetan banatuko dira, hala nola barraketan, txikigunean, Areatzan, Arriagan, Plaza Biribilean, Epaltzaren alargunaren kalean, Plaza Barrian, Foru kalean, Bailenen (tren-geltokiaren aurrean), Guggenheimen eta Uribitarten, besteak beste.

Komun guztietatik, Europa parkean 50 komun kimiko eta mugitzeko zailtasunak dituztenentzako 6 jarriko dira, kontzertuetara doazen pertsonek erabiltzeko.

Azkenik, aipatu behar da komun horiek guztiek etengabeko mantentze eta garbiketa-zerbitzua dutela eta Areatzan eta Arriaga Antzokiaren ondoan kokatutakoak eguneko 24 orduetan egongo direla zabalik.

Komun horiei, urian han-hor-hemen lehendik dauden dauden eta urte osoan erabiltzen diren 50 komunak gehitu behar zaizkie.

JAIEN OSTEKO KONPONKETA LANAK

Jaiak amaitzen direnean lan batzuk egingo dira hiri-altzariak lehengo lekuan jartzeko eta parkeak eta lorategiak taxuzko eran ipintzeko berriro. Hauek dira lanok: bere lekuan ipintzea tokiz aldatutako jardinerak eta gainerako hiri-altzariak, hondatutako landareak (loreak eta zuhaixkak) kendu eta berriak ipintzea, jaien ostean zapuztutako soropilak jorratzea eta berriz ereitea. Berdeguneetan, 20.000 m2-tik gorako azaleran ereingo da (15.000 m2 Etxebarria parkean, 2.600 m2 Europa parkean, 1.700 m2 Albia lorategian eta 1.500 m2 Areatzan).

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Bilbao

ir a Bilbao »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120