GAZTELEKU | Arrauna

Denboraldi handi baten amaiera bikaina

AURREKO LARUNBAT ETA IGANDEAN SESTAOKBIZKAIKO BATELEN TXAPELKETAKO FINALAKHARTU ZITUEN HAINBAT KATEGORIATAN

Miriam Rodríguezen erreportajea - 2018(e)ko apirilaren 20a, ostirala - 13:20etan eguneratua

Bizkaiko batelen txapelketarako finalak.

Bizkaiko batelen txapelketarako finalak. (Foto: Jose Sampedroren argazkiak)

Galería Noticia

Bizkaiko batelen txapelketarako finalak.

GERO eta gutxiago falta da traineruen liga abiatzeko, baina arraunaren denboraldiak proba gehiago ditu banku finkoko eta banku mugikorreko modalitateetan. Aurreko asteburuan, esaterako, Batelen Bizkaiko txapelketako finalak ospatu ziren Sestaon. Denbora luzea igaro da urte hasieran estropadak hasi zirenetik, baina neska-mutil arraunlariek beren onena eman dute ligako probetan sailkapen-txandara iritsi arte, Bizkaiko txapelketan lehiatzeko.

Horrela, kimuen mailatik senior mailara arteko parte-hartzaileak elkartu ziren larunbatean, denborarik onena lortzeko helburuarekin, biharamuneko plaza bat eskuratzeko. Estropada lehiatuak, giro ederra eta onena izateko gogoa. Bost batel kategoria bakoitzeko, nesken kimuen mailan izan ezik, eta aurrean, ziaboga zuen ibilbidea. Nesken kimuen mailan, Arkotek Isuntza eta Ondarroa garaitu zituen.

Plentziakoek oso ondo kontrolatu zuten erritmoa, lekeitiarren presioa izanda ere. Kategoria horretan ziabogarik ez zegoenez, arraunlariek bazekiten erritmoko akatsik txikienak abantaila ekar zezakeela haien aurkariarentzat. Azkenean, Arkotek eutsi zion, eta neskek helmuga zeharkatu eta Bizkaiko txapeldunak bilakatu ziren.

Mutilen kimuen mailan, bost batel lehiatu ziren bukaerako garaipena lortzeko. Arkote kategoria horretan bigarrenez irabazteko zorian egon zen, baina ezin izan zion Ondarruren indarrari aurre egin. Hain zuzen ere, azken horiek bi segundoko aldea lortu eta amaierara arte mantendu zuten. Urrunago geratu ziren Itsasoko Ama, Zierbena eta Isuntza.

Nesken haurren mailan, Ondarruk jaso zituen arraunak helmuga gurutzatuta. Izan ere, ziabogaren ostean abantaila erosoa atera zuten. Artibaik hasieran estutu zuen, baina ondarroarrak ez ziren kikildu eta lau segundoko aldea lortu zuten. Urrunago geratu ziren Kaiku, Itsasoko Ama eta Isuntza.

Mutilen haur kategorian beste klub bat gehitu zen irabazleen galerian. Bermeok argi eta garbi garaitu zituen bere aurkariak, irteera ona eta ziaboga arazorik gabe burutu ostean. Haren aurkaririk zuzenenak, Arkotek, segundo batzuk galdu zituen, eta nahikoak izan ziren bermeotarrak helmugara arazorik gabe iristeko. Deustuk, Lutxanak eta Isuntzak osatu zuten txanda.

Kaikuk jaso zuen garaikurra nesken haur/kadete kategorian. Sestaoarrek etxean egiten zuten arraun, eta bazekiten irabazteak zaleak poztuko zituela. Hartara, estropada arazo handirik gabe irabazi zuten. Lutxana zortzi segundora geratu zen, Itsasoko Ama hamabira, Arkote hamalaura eta Ondarroa hamabostera.

Azkenik, mutilen kadete eta gazteen mailetan, Itsasoko Amak bitan irabazi zuen. Santurtziarrek irabazteko sufritu egin zuten, bereziki kadeteen mailan. Horixe izan zen, zalantzarik gabe, txapelketako estropadarik berdinduenetako bat, batez ere Itsasoko Amak 92 ehunengatik irabazi ziolako Deusturi. Lehen ziabogan, bost batelen denborak, oso antzekoak, eta aldeak oso txikiak izan ziren. Bukaeran, santurtziarrek eta bilbotarrek jokatu zuten azken garaipena. Oso berdinduta aritu ziren, eta ia batera iritsi ziren helmugara, baina 92 ehunen horiengatik Itsasoko Ama izan zen Bizkaiko txapelduna. Gazteen mailan, Zierbenak zaildu egin zien marinelei estropada, baina azkenean, ia bi segundoko aldeagatik, santurtziarrek irabazi zuten.

Eta horrela bukatu zen, beste urte batez, batelen liga. Orain Euskadiko eta Estatuko txapelketa dator, eta bertan ere seguruenez Bizkaiko ontziak nabarmendu egingo dira.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Remo

ir a Remo »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120