iritzia

Bat

Julen Gabiria - 2017(e)ko uztailaren 15a, larunbata - 11:11etan eguneratua

Ez naiz gauzak anekdota hutsean uztearen zale, edozein gertakariren atzean daudelako hainbat irakurketa baliagarri, eta egoera hori gertatu izana ahalbidetu duten hainbat motibo funtsezko. Ehunka albiste, irudi, printza, gaur egungo gizarte saresozialduan milaka datsegit eta bertxio izango dituztenak, hurrengo egunean birtualtasunaren anekdotariora pasatuko dira. Baina gertakari horiek, gauza askoren ondorio eta erakusgarri horiek, beste ezerk baino hobeto definitzen dute nolakoa den parean tokatu zaigun mundu arrano hau.

Eta gaur ahanztura horren kontra borrokatu nahi dut, berehala desagertu ez dadin Berri Txarrak taldeak duela gutxi Nantesen emandako kontzertua, ikusle bakarra izan zuena baina milioika pertsonarengana heldu dena gero, askorentzat anekdota sinpatiko moduan, akaso. Baina ez da anekdota bat;irudiak hainbat ertz ditu, hainbat irakurketa, hainbat kausa, eta kulturaren munduan egunero bizi diren jokamoldeak salatzen ditu, nahita edo nahi gabe. Besteak beste, kultur ekimenen bideragarritasuna publiko-kopuruaren arabera neurtzen dutenei buruzkoa. Zenbakiak gara behelaino artean: 20 espero dituenaren-tzat, ilusio osoz eraikitako ekimen bat bertan behera uzteko motibo nahikoa izan daiteke “soilik” 10 erakartzea.

Kultura epe luzerako ongarria da, ez etxafuegoak edo pantaila erraldoiak, ez bolboraren gisan erre eta, distira itsugarria sortuz, berehala itzaltzen den ezer. Hartzailearengan zerbait ereitea da, jakin gabe horrek fruiturik emango ote duen. Kontabilitate-orriak eskuan hartuta bazabiltza, beraz, alferrik ari zara: ez dauka zuk errentagarritasuntzat ulertzen duzun hori: ez diruz, ez jende-kopuruz.

Eta, hala ere, Lekunberriko taldearen kontzertutik astebetera, Azkena Rock jaialdia amaitu zenean, irratiko albistegietako titularra izan zen inoiz baino jende gehiago elkartu zela Gasteizen, eta asistentzia-kopuruaren errekorra bigarren urtez jarraian hautsi zela. Gutxi inporta du kontzertuen kalitateak, kantitateari buruzko datua eskura badugu. Ederra pandemia, zenbakiekin eta errekorrekin duguna.

Alde horretatik, Nantesko kontzertuaren antolatzaileak goraipatu nahiko nituzke, emanaldia bertan behera ez uzteko adorea izateagatik, kopuruen diktadurari muzin egiteagatik, eta, espero dezagun behintzat, aurrerantzean ere kon-tzertuak antolatzen jarraitzeagatik. Ez dira salbuespena: han eta hemen, astero-astero, bost, hamar, hamabi ikusle baino ez dituzten ekimenak antolatzen dira: kon-tzertuak, irakurle klubak, zine-forumak, hitzaldiak, errezitaldiak. Hori da, hain zuzen ere, kultur giroko eguneroko ogia;bestea, estadioak betetzearena, kultura gainditzen duen zerbait da. Edo kulturak gainditzen duen zerbait, hobeto esanda.

Azkenik, ezin eskertu gabe utzi Berri Txarrak taldea. Apaltasunetik demostratzen dute etengabe euren handitasuna, eta ezin hitzez adierazi nolako errespetua merezi duten: eurek publikoarekiko erakusten dutenaren parekoa, gutxienez. Zifren apar gozoa dastatu dute, baina ez da hori euren borroka: jaio baziren, hilko dira noizbait;bitartean, eta luzaroan, musika beti, kultura beti. Jaio. Musika. Hil.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120