Bertoko hiru sukaldari famatu parte hartuko dute

Euskal eta Japoniar gastronomiek bat egin dute 'Tsuruoka meets Bilbao' ekimenean

Euskadiko eta Japongo sukaldaritzen arteko loturaren esperientziaren gailurra afari batekin ospatuko da, bihar Aizian jatetxean egin eta dastatuko dena.

2017(e)ko otsailaren 14a, asteartea - 14:05etan eguneratua

Japongo Tsuruoka hiriko hiru chefek sukaldea partekatuko dute nazioartean ospe handia daukaten hiru euskal sukaldarirekin: Álvaro Garrido, José Miguel Olazabalaga eta Sergio Ortiz de Zarate

Bilbo eta Japongo Tsuruoka hiria gastronomiaren eskutik elkartu dira. Japongo hiri honetako hiru sukaldari euskal gastronomiako beste hainbeste sukaldari handirekin elkartuko dira sukaldean: Álvaro Garrido, José Miguel Olazabalaga eta Sergio Ortiz de Zaraterekin, bakoitzak bere jatetxea izanik Bizkaiko hiriburuan. Chefen arteko lankidetzaren bidez, sukaldeko profesionalen artean jakintza eta teknikak trukatzea nahi dugu, eta Bilbo eta Tsuruoka kultura gastronomikoari eta sormenari lotutako hiriak direlako irudia zabaldu.

Chefen topaketa ‘Tsuruoka meets Bilbao’ deritzon ekimenaren barruan egingo da, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Tsuruokako Udalaren laguntzarekin. Tsuruoka hiria, izan ere, Gastronomiaren Hiri Sortzaile izendatu du Unescok. Baterako lanari amaiera gozoa emateko, afari bat egingo da, dastatzeko menuarekin, bihar (asteazkena) Aizian jatetxean egin eta jango dena. Euskal eta japoniar sukaldaritzak bateratzeko esperientzia baten azken emaitza izango da;biek ala biek hurbileko eta sasoiko produktuak atsegin dituzte.

Bilboko gastronomia ezagutzeko irrikan dauden chef japoniarrak

Ryoichi Saito, Kimitoshi Arisaka eta Takehiko Shoji chef japoniarrak Bilboko kultura gastronomiko tradizionala ezagutzeko eta teknika eta metodo berriak ikasteko irrikan daude. Ryoichi Saitok esan du Euskal Herriak “kostaldeko sukaldaritza bikaina garatu duela, batetik, arraina erdigune izanik, eta barnealdeko sukaldaritza, bestetik, haragia eta barazkiak protagonista dituena”. Kimitoshi Arisakak hemen egingo duen egonaldian “nire elikaduraren sena berrikusi nahi dut eta oinarri-oinarrira itzuli”. Takehiko Shojik, berriz, bertoko chefekin egon nahi du, “beraien gastronomiarenganako grina ezagutzeko”.

Bertoko hiru sukaldari famatu

Parte hartuko duten hemengo sukaldariek nazioartean ospe handia daukate. Álvaro Garridok Mina jatetxea kudeatzen du. 2012. urteaz geroztik Michelin izar bat dauka eta iaz Sabores del Arco Atlántico sari nazionala jaso zuen. Garridok sukaldaritza kosmopolita lantzen du eta Asiako sukaldaritzako tresnak maisuki erabiltzen ditu, esate baterako woka eta kamadoa (labe japoniarra). José Miguel Olazabalaga, Aizian jatetxeko chefa, Espainiako Sukaldari Gazteen Txapelduna izan zen 1998an eta Pil-Pil saria jaso zuen platerik irudimentsuenagatik, besteak beste. Bestalde, Sergio Ortiz de Zarate sukaldaritza tradizionalaren zaletu porrokatua da, batez ere arrainari dagokionez. Haren jatetxeak, Zarate, Michelin izar bat dauka 2015. urteaz geroztik.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Bilbao

ir a Bilbao »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120