musika

Ezer ez eta dena

Hutsa bikoak zazpi urte daramatza zuzeneko akustikoak eskaintzen. Hasieran bertsioak jotzen zituzten, baina gerora euren kanta propioak sortu dituzte eta jada lau disko dituzte kalean. Hilaren 26an Gasteizen eskainiko dute kontzertua

Ainhoa Lores - 2017(e)ko urtarrilaren 16a, astelehena - 13:03etan eguneratua

Maria Rivero eta Eriz Perez, proiektuko kideak.

Maria Rivero eta Eriz Perez, proiektuko kideak.

Galería Noticia

Maria Rivero eta Eriz Perez, proiektuko kideak.

Kafe goxoen bueltan bertsioak taularatzen abiatu zuen bidea Hutsa bikote bizkaitarrak, baina laster hasi ziren euren lehenengo diskoa izango zena fabrikatzen ere. “Hondarra utzi” nahi zuten zuzenekoetan, emanaldiei beraien ukitu propioa eman. “2010ean akustikoetara bueltatzeko gogoz nenbilen, momentu horretan Sirokarekin nengoen buru-belarri eta, Apurka taldea utzi genuenetik, faltan sumatzen nuen akustikoek ematen dizuten intimismo puntu hori”, dio Maria Rivero abeslariak (Balmaseda, 1979). Garai hartan ezagutu zuen Eriz Perez gitarra-jotzailea (Urduña, 1981), eta hor hasi zen Hutsa.

Aurreneko lanari taldearen izen bera eman zioten (Hutsa), 2011 urtean ikusi zuen argia Musikherria herri diskoetxea zenaren eskutik. “Hutsa-k esanahi asko ditu guretzat: alde batetik, musika lasaiaz gozatzeko hartu dezakezun kafe hutsari egiten dio erreferentzia”, kontatu du Riverok. Bigarren diskoa 2012an argitaratu zuten, Huts Unea, kasu honetan hutsunearen kontzeptuarekin jolas egin zuen bikoteak. Handik urtebetera Astuh kaleratu zuten, eta 2015ean Amnesia. “Aritz Garcia diseinatzaileak irudi ederra egin zigun, bai kafea eta bai Amensiaren kontzeptuak lotu zituen. Hala, momentu bakoitzean izenari eta kontzeptuari esanahi ezberdinak ematen saiatzen dira bi musikariak.

MUSIKA BILUZTUZ

Inolako itxaropenik gabe jaio zen Hutsa, bertsio akustikoak taulara-tzea zen euren helburu bakarra. “Ez ditugu mugak edo helmugak jarri eta bururatzen zaiguna egingarria bada, egin egiten dugu;ez daukagu presiorik, gozatuz egiten dugu lan”. Fado, Blues edo Boss estiloak landu izan dituzte, eta baita eurekin printzipioz zerikusirik ez duten estiloen moldaketak ere. Ahotsa eta gitarra dira bikote honen arma bakarrak. “Osagai gutxi batzuekin jantzita daude kantak”, Perezek dionez. Minimalismoa da beraiena, gutxi eta, era berean, hainbeste. Diskoak sortzean “musika biluztu” egiten dutela dio Riverok: “sinpletasunera jo dugu eta horrek betetzen gaitu, dena da intimoagoa eta horrek jendearekin konektatzeko aukerak ematen dizkigu”.

Letrei dagokienez, hasiera batean, bertsolari zein idazle desberdinen hitzak erabiltzen bazituzten, pixkanaka euren mugak hautsi eta euren letra propioak lantzen hasi dira Rivero eta Perez. “Asko gustatzen zaigu beste sortzaileen letrak musikatzea baina, aldi berean, oso interesgarria da gure barnekoan askatzea”, uste du Riverok. Hala ere, bertsioak egiten jarraitzen dute, “prozesua ere oso dibertigarria delako”, abeslariaren iritziz. Originaletik aldentzen saiatzen da bikotea eta besteen kantuak beraienak egiten, horrek askotan dakarren zailtasunarekin. “Noski, jatorrizko bertsioarekin konparaketa egitea batzuetan ezinbestekoa da eta galtzeko karta guztiak dauzkagu”, aitortu du abeslariak. Batez ere, instrumentazio handiko abestien bertsioak egitea gustuko dutela dio Perezek, “abestiaren esentzia bilatzearen prozesua aberasgarria da oso”.

TXIKITASUNAREN ABANTAILAK

Talde handiago batekin alderatuta, biko baten kasuan abestien sortze prozesua oso desberdina dela aipatu du Riverok: “Bi pertsona gara eta horrek asko errazten du dena, bai konposatzerakoan eta baita bilatzen duguna lortzerakoan ere”. Gitarra jotzailearen aburuz, “sormen askatasuna eta euren artean eztabaidarik ez izatea” ahalbide-tzen du formazio txikiak, baina, “logistika ere txikia daukagu”, dio brometan. Teknologia berriek ematen dizkieten aukerak ere azpimarratu nahi izan dituzte: “Bakoitzak bere etxean lantzen duena besteari bidaltzen dio eta horrela kantak eraikitzen ditugu gure agendek elkar ikusteko aukera ematen ez digutenean ere”.

Riverok dioenez, eskaintzen dituzten zuzenekoak oso desberdinak izaten dira lekuaren arabera. “Hutsaren berezko esentziaz goza-tzeko leku goxoa, lasaia eta isila behar du izan, detaile asko sartzen ditugulako zuzenekoetan eta hauek leku zaratatsuetan galtzen direlako”. Perezen ustez, “zuzenekoak dinamikoak izaten dira, bai errepertorioaren aldetik eta baita ikuskizunaren aldetik ere, nahiz eta bi pertsona izan oholtzan”. Gainera, teknologia berrietara jotzen dute emanaldiak zirraragarriagoak izan daitezen. Horretarako, loop, sekuentzia eta argiekin jolasten dute, adibidez. Hutsak, gainera, badu beste elementu bereizgarri bat: Ganbara Sessions direlakoak. “Clown puntu bat daukagu, nahiz eta serio azaldu jendearen aurrean, beti ari gara pailazoarena egiten”, dio Perezek. “Uda batean, nire etxeko ganbaran jotzen ari ginela, geure burua bideoan grabatzea bururatu zitzaigun. Jendeari gustatu egin zitzaizkion eta horrekin jarraitu dugu orain arte”.

Auto-gestioa da Hutsaren filosofia: “Guk geure sormen lana kontrolatu nahi dugu, ez dugu egiten duguna beste batzuen eskuetan utzi nahi, batez ere, beste interes batzuen eskuetan”, diote bi kideek. Biko honen ustez, gaur egungo euskal kulturaren inguruan dauden enpresen eredua “agortuta” dago. Hutsa en-tzuteko nahia duen edonork horretarako aukera izatea da beraien helburua, “dirua ez dadila muga izan”, gehitzen dute. Hala, SGAE edota SACEM bezalako enpresekin zerikusirik ez daukatela argi utzi dute. Hutsaren diskoak euren webgunean edo zuzenekoetan eskuratu daitezke. Hilaren 26an, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean eskainiko dute kontzertua, doan.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120