Bertsolaritza

Hiztegia atzekoz aurrera

Xabier Amurizak 1981ean plazaratutako ‘Hiztegi Errimatua’ berrargitaratu du Lankuk

Dani Piedra - Martes, 20 de Diciembre de 2016 - Actualizado a las 12:44h

Xabier Amuriza, en una imagen de archivo.

Xabier Amuriza bertsolaria. (José Mari Martínez)

Galería Noticia

Xabier Amuriza, en una imagen de archivo.

ITXURAZ tresna sinplea da Hiztegi Errimatua, erraz erabiltzeko modukoa eta bertsotan aritzen den edozeinentzat aproposa. Funtsean, errimak bildu eta sailkatzen dituen hiztegi bat da. Alabaina, ezin da ahaztu bertsolaritza modernoaren garapenari egin zion ekarpena, erreferentziazko lana izan baitzen, eta oraindik bada. Bertsotarako dohainak berezkoa, edo naturala, izan behar zuela zioen tradizioaren aurrean, bertsotan ikasi egin zitekeela erantzun zuten batzuek. Hala etorri ziren, esaterako, aurreneko bertso-eskolak. Eta trebatzeko, zer hoberik Hiztegi Errimatua baino.

1981ean agitaratu zen Hiztegi Errimatua eta arrakasta izugarria izan zuen. Garai hartan, Euskal Herriko txapelduna zen Xabier Amuriza, estilo berritzaile bezain landu bati esker. Aspalditik zerabilen hiztegiaren ideia buruan, tresna erabilgarria izan zitekeelakoan. “Betidanik izan naiz bertsozalea eta, hizkuntzaz gehiago jabetzen joan nintzen neurrian, bertsolaritza klasikoan errima oso era mugatuan erabiltzen zela konturatu nintzen”, gogoratu du. “Errima kontu zaila da, baina, behintzat, paperean zerbait edukitzea, nahi izanez gero errepasatzea eta zeuk hitzak gehitu ahal izatea, jakina, gauza handia izan zen”.

Hiztegi Errimatua-ren atzean, ordea, urte askotako ahaleginak eta nekeak daude. Eskuz egindako inurri lana izan zen, batez ere hasieran. “Errimen hiztegi bat sortzeko ez zegoen beste erremediorik, hiztegia alderantziz jarri behar zen”, dio Amurizak. Ideia lehendik pentsatua bazuen ere, kartzelan pasa zituen urteetan ekin zion lanari, berarekin zeuden kide batzuen laguntzaz. “Taldean proposatu nuen eta, denbora ere sobran genuenez, onartu egin zuten”, kontatu du. Resurreccion Mª Azkueren hiztegian oinarritu ziren, espetxean besterik ez zuten eta.

KARTZELATIK MUNDURA Pixkanaka egin beharreko lana izan zen, hitzak aukeratu egin behar baitziren, “errima batekin 500 hitz badauzkazu, ezin dituzu denak sartu”, azaldu du Amurizak. Taldeka errimak bildu ondoren, Amuriza bera arduratu zen hiztegiari orden logiko bat emateaz: Kategoria gramatikalaren araberako sailkapena egin, hoskideak diren hitz amaierak aukeratu eta abar. Eskuz idatzitako zirriborroa kartzelatik atera zuenean, beste erronka latz bati ekin zion: Bertso-giro tradizionalean Hiztegi Errimatua-ren beharra agertzeari. Bilera batzuetan aurkeztu zuen Amurizak egitasmoa, bereziki gogoan du Loiolan egindako bat, artean Franco hil berria zela. “Ikustekoa zen jendearen aurpegia, batez ere adinean aurrera zihoazenenak, baina errespetua zidatenez entzun egiten zuten”, kontatu du. Azkenean, AEK-ren eskutik plazaratu ahal izan zen lehenengo edizioa, 1981ean. Kartzelan egindako zirriborroa orraztu eta hitz berriak gehitu zizkion Amurizak, Azkueren hiztegian ez baitatoz bertsolaritzan ohikoak diren hitz batzuk.

SORTZAILEENTZAT BALIAGARRI Ordurako hasiak ziren lehenengo bertso-eskolak eta, oro har, bertsolaritza tradizio itxienaren hautsa astintzen ari zen. Giro horretan, harrera bikaina egin zioten zaleek Hiztegi Errimatua-ri. “Bertso-eskoletan ez zen azalpen handirik eman beharrik, jendeak haren balioa barnera zezan”, azaldu du Amurizak. Bertsolariek, haien jarduna aberasteko ahaleginean, bidelagun paregabea aurkitu zuten lan honetan.

Bertsolaritzatik kanpoko arlo batzuetan ere topatu zioten erabilgarritasuna: “Hiztegiak balio du bertsotan, eta poesian, abestietan edo beste hainbat modalitatetan”, Amurizaren hitzetan. Hizkuntzaren hotsekin edo soinuekin jolastu nahi den ororentzat da egokia. Hiztegi Errimatua-rekin batera, Hitzaren Kirol Nazionala izeneko liburua ere plazaratu zuen Amurizak. “Hiztegia zertan oinarritzen den azaltzen da hor, nolabait bertsogintzaren atzean dagoen teoria da”, argitu du bere egileak. 1997ko bigarren edizioan, liburuki bakarrean plazaratu ziren biak.

Bi argitaraldi haiek, ordea, aspaldi agortu ziren eta zaleek eskatzen segitzen zutela ikusirik, Lanku Kultur Zerbitzuak elkarteak edizio berritu bat atera du. Hitzaren Kirol Nazionala albo batera utzita, hiztegia baino ez da oraingoan. Itxura berriturik dator, Andoni Egañaren hitzaurre eta guzti. Hiztegi Errimatua mugarria izan zen garai batean eta, orain ere, erreferentzia da bertsolari eta zaleen artean, hirugarren edizio hau argitaratu eta berehala lortu duen arrakasta ikusita.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120