Arkitekturaren gisa, zinemak eszena (espazioa) ezberdinak sortuz sentsazio, emozio eta mezuak eragiten ditu. Arkitektura eta zinemagintzaren arteko erlazioetan sakondu beharrean azken urtean erlazio hau jorratzen duten bi adibide ezberdinen inguruan hitz egingo dut. Alde batetik, Arquitectura emocional 1959 (León Siminiani, 2022) laburmetraia eta bestetik Cinco Lobitos (Alauda Ruiz de Azúa, 2022) pelikula. Oso gomendagarriak, filmak eta arkitekturak. Bietan euskal arkitektoak protagonista.

Arquitectura emocional 1959 laburmetraian oso modu interesgarrian ematen zaio garrantzia arkitekturari. Pelikula gehienetan arkitekturak indar handia izaten du konposizio planoetan, hemen aldiz, ideia are erradikalago batetik abiatzen da. Zuzendaria saiatu da, eta baita lortu ere, arkitekturak eta hirigintzak ez ematea soilik testuingurua, baizik eta edukia ere transmititu dezaten. Hautu hau egiteaz gain historia bat kontatzeko aukerari uko egin gabe, Andrearen eta Sebastianen maitasun istorioa kontatzen du. Biak ikasleak dira, biak gizarte-klase ezberdinekoak, biak Secundino Zuazo (Bilbo, 1887) arkitektoaren sinadura duten eraikin ezberdinetan bizi direnak. 

Film honetan arkitektura oroimenaren eta irudimenaren tresna bihurtzen da. Zehaztasun kartografiko bikaina jorratzen du, sekuentzien bidez mapa bat sortzen duelarik eta ibilbide ezberdinak planteatzen ditu. Ibilbideetako bat bi protagonistak bereizten dituzten zazpi kilometroak dira. Andrea Antonio Maura kaleko familia-etxebizitza zabaleko eraikin batean bizi da, Retiro parean. Sebas, aldiz, San Kristobal Koloniako langileentzako bloke batean.

Dena den, zazpi kilometro horiek ere bi obra eta arkitekto baten ibilbidea definitzen dute. Bi eraikinak Secundino Zuazok diseinatu zituen. Maura kaleko etxebizitza izan zen bere lehen proiektuetako bat eta 25 urte geroago San Kristobal kolonian eraikitako blokea, arkitektura arrazionalistari egindako ekarpen garrantzitsuenetako bat. Notarioaren alabaren etxea, autobus-gidariaren semearen etxea. 25 urte bitartean, edo zazpi kilometro artean, modu oso poetiko eta zuzen batean Zuazoren bi eraikinak aitzakiatzat hartuta istorio eder bat kontatzen du.

Ramon de Madariaga arkitektoaren Bakioko Zaldua Etxea agertzen da ‘Cinco lobitos’ filmean. Ortzadar

Cinco Lobitos pelikulan aldiz, arkitekturak presentzia handia du plano eta eszenetan, eta nagusiki testuingurua ematen dio filmari. Spoilerrik egin gabe, Amaia protagonista hiri batean bizi da, ama izan berri da, eta ezin du haurra zaindu eta itzultzaile-lana berreskuratu. Gurasoen etxean babestea erabakiko du, Euskal Herriko kostaldeko herri polit batean kokatzen den haurtzaroko etxera bueltatuz. Film eder honen inguruan luze hitz egin daiteke, hala ere, bigarren plano batean gelditzen den etxean jarriko dugu begirada. Eraikinaren inguruan informazio gutxi egon arren eduki esanguratsuak aurki daitezke.

Etxebizitza familiabakar honek izena du. Gutxi batzuek jakingo dute pelikulako gurasoen etxea Ramon de Madariaga (Bilbo, 1901) arkitektoaren Zaldua Etxea dela. Bakion (Bizkaia) kokatuta dagoen familia bakarreko etxebizitza hau 1960an eraiki zuten. Etxeari buruzko informazio gutxi egon arren, Madariagak influentzia berriak ekarri zituen erbestetik euskal arkitekturara. Bere ibilbide arkitektonikoa hiru etapatan banatzen da: Gerra Zibilaren aurretik (1937ra arte), erbestea (1937-1955) eta Euskal Herrira itzultzea (1955-1995). Mexikotik bueltan eraiki zuen etxea eta azken etapa horretan, arkitektura modernoarekin jarraitu zuen, betiere bertako arkitektura berritzeko nahian murgilduta.

Arkitektura eguneratu bat planteatu zuen Zaldua etxean, erreferentzia amerikarrak dituena. Bi bolumenek definitzen dute etxearen forma, bata bestearen gainean jarrita eta “L” bat osatuz. Goiko pastila bolumen orokorretik ateratzen da, formalki eta funtzionalki aukera ezberdinak emanez. Lerro finez eta bolumen garbiekin orografiara egoki moldatzen da, kanpo erreferentziak eta bertakoak uztartuz. Goiko pastila perpendikularki ezartzeak kanpoaldearekiko erlazio eta espazio ezberdinak sortzen ditu, beheko bolumenaren teilatua erabiliz. Mugimendu modernoan bosgarren fatxadari, hau da, teilatuari garrantzia eman zitzaion eta Madariagak ederto erabili zuen etxeari plus bat emanez.

Pelikulek gai ezberdinak kontatu eta ikusarazten dituzten moduan, arkitekturak beste eduki batzuk gure pantailara eramateko ahalmena dute. Cinco Lobitos-ek Zaldua Etxea ezagutzea ahalbidetzen duen moduan, eraikin honek Gerra Zibilean ihes egin zuten euskal arkitektoen inguruan hitz egiteko aukera eman digu.