2022ko maiatzaren 7a, Izaro Andres abeslariarentzako egun berezia. Anoetako Belodromoa bete zuen eguna: 6.000 pertsona aurrean, eta lantaldea eszenatoki gainean. Memorian gordeko duen hitzordua, etorkizunerako gorde beharreko dokumentua. Horra ailegatzeko, baina, egin du bidea, eta hor egin du bizitzako erronkei buruzko hausnarketa anitza. Samurtasuna aldarrikatzea helburu, sortu du gogoeta horien bilduma, eta kontzertuko irudiekin biribildu du lana: Izaro: Limoiari eztia / Reivindicar la ternura

Zer da dokumentalean jaso duzuena?

Hasieran, Belodromoko kontzertua bera zen azaldu nahi genuena, baina gero, aitzakia moduan hartu genuen, azaltzeko halako egun baterako bidean lantalde oso batek ze lan egiten dituen, nola egiten duen, zein erronka sortzen diren bide horretan eta horri buruz zein hausnarketa egiten dugun… 

Zer aldatu zen hasierako ideia horretatik?

Dena aldatu zen. Ni iaz terapiara joaten hasi nintzen, gauzak ordenean jartzen, bizitza mota hori zelan egin hausnartzen; kontzilio hori, bizi eta lan… Gauza askotaz konturatu nintzen, eta fase ezberdinetatik pasatu nintzen. Sei gidoi idatzi nituen, eskerrak beste bostak desagertu ziren… Azkenerako heldu ginenean konturatu nintzen berez bidea dela helmuga, eta eroso sentitzen nintzen hori adierazten. Egon zen momentu bat non ez nuen nahi dokumentala egin. 

Goazen bueltan Belodromora. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Zoragarria izan zen, oso egun polita eta berezia lantalde osoarentzat. Beste elkarrizketa batzuetan galdetu izan didate ea presio handiko zerbait zen Belodromokoa, baina egia esan nik ez nuen hala sentitu. Niretzat oso puntu garrantzitsua izan zen, nire bizitzako lehentasunak orekatzeko. Aitzakia perfektu bat gauza denak balioan jartzeko, eta niretzat garrantzitsua den horretan kontzentratzeko; alegia, bertan zeuden 6.000 pertsonengan eta gure lantalde osoarengan. 

Belodromoa betetzera ailegatzeko, bidea egin behar da. Urte askoko bidea ez, baina lan askoko bidea izan al da?

Imajinatu urte bakoitzak zenbat ordu dituen, eta urte bat luzea ala laburra dela pentsatu dezakegu, baina bueltaka hasten zarenean egunero zenbat gauza egin diren, zenbat gauza pentsatu diren, zenbat lan egin den… Hor ikusten da nekea. Nik aurten azpimarratzekoa daukadana da nekatuta egon naizela, nekatuegi. Horrek eraman ninduen gauzei bueltak ematera, zelan egin gauzak hemendik aurrera ez egoteko horren nekatuta. 

Izaro Andres 6.000 pertsonen aurrean Anoetako Belodromoan.

Izaro Andres 6.000 pertsonen aurrean Anoetako Belodromoan. Badator

Maite duzuna egiten duzu, baina ez du zertan guztiak zoragarria izan behar.

Ez, ez da, eta gainera, zure bizitzako eta zure intimitatearen zati handi batzuk kanpora begira egotea da neurtzen eta kudeatzen joan behar zaren gauza bat. Inork ez zaitu honetarako prestatzen. Karrera batek erakusten dizu erizain edo medikua izaten, baina honek ezustean harrapatzen zaitu eta gauzak ikasten joan behar zara zuzenean. Eta hori ez da batere erraza. Esperientzia berri bat izan da, eta horrek badu bere magia eta baita bere pisua ere. 

Ezaguna zaren momentutik, ez dago soilik maite zaituzten 6.000 pertsona horientzako lekua, baizik eta gorrotatu zaitzaketen horientzakoa ere. 

Ikusgarritasunean bizi den pertsona baten ezaugarri berezienetako bat da hori, ezin duzula zure aurpegia itzali, lanetik ateratakoan. Hala, horrekin noa leku eta egoera guztietara. Maite duzun pertsona baten hiletara ere aurpegi berarekin zoaz piztuta. Horretaz kontziente izatea eta etengabekoa dela ohartzea da kudeatu behar dena, bereziki. Niretzat gogorrena ezagutzen ez zaituen pertsona baten gorrotoa sentitu eta hori kudeatzea izan da. Oso pisutsua izan da; zorionez, ezaguna egin aurretik ez nuelako sentitzen inork gorroto ninduenik. Ohartzea badagoela jendea zuganako amorru bat sentitzen duena… Hori ez da goxoa. 

Eta zenbat indar jartzen dugun sarritan gorroto zaituen horrek maite zaitzan.

Hala da, baina ez luke hala izan behar. Minak arreta asko deitzen du eta normala da momentu jakin batzuetan horri begira egotea, mina gauza zaratatsua delako. Baina nire fokua hori zen, pentsatzea ea zeini abesten nion. Eta nik 6.000 pertsona horiei abesten diet. Beste dena ere ulertu behar da horrelako perspektiba batetik non gauzak ez diren hain pertsonalak. Ni beste pertsona bat izan nintekeen nire paperean, eta horrekiko ere gauza bera adieraziko lukete. Egia da mundua nahiko anker dagoela, eta hor gure iraultza egin behar dugu, samurtasuna aldarrikatuz eta zaintza eta mimoaren iraultzaren bitartez, posible delako beste modu batera bizitzea.

Ikus-entzunezkoak Izaroren bidaia emozional pertsonala jasotzen du; Belodromoko kontzertuko bidean egindako aurrelanaren eta gogoeten bitartez. Badator

Orain, nola dago Izaro, limoitik edo eztitik gertuagoa?

Orain esango nuke eztitik gertuago dagoela Izaro, baina egia da lantaldean behar handia egin dugula limoi eta ezti izateko. Berez balio duena egitea da, zuk pentsatzen dituzun gauza horiek egitea. Horrek asko pozten nau; orain guk ikusgarritasun handia daukagu eta beste kamerino mota bat gara, eta kamerino horren lekua handitzen joateak nik uste dut on egingo diola inguru osoari. Hori da gure ekarpena, edo nahiko nukeena, behintzat gelditzea.

Duela zenbait urte hasi zenuen zure bidea. Gogoratzen al dituzu hastapenak?

Txiki-txikitatik nire buruan pelikulak egiten nituen. Gogoratzen dut Takolo, Pirritx eta Porrotxek pelikula bat atera zutela eta neskato gazte bat agertzen zela ohera joateko kanta bat abestuz. Oso argi gogoratzen dut hori ikustean pentsatu nuela: "Nik neskato hori izan nahi dut". Gerora, pasatu izan ditudan orduak ispilu baten aurrean… Gogoratzen dut, adibidez, Hannah Montanaren diskoa erosi nuela eta buelta eta buelta aritzen nintzela, orduak eta orduak, kantatuz eta dantzatuz… Neska txiki horren gogoa eta autogaitasun kontzientzia hori ikusi eta gaur egun hori betetzen dela ikustea opari itzela da nire Izaro txikiarentzako. 

Handi amestu zenuen orduan eta bete da. Baduzu oraindik betetzeko ametsik?

Amets pila bat ditut nik, eta egiten eta egiten joaten naiz. Batzuk betetzen dira eta beste batzuk ez, baina ez dio axola, nik uste dut ametsen mundu paralelo bat eduki behar dela eta noizean behin bisitatzen badugu eta betetzen bada oso ondo dagoela. Baina fedea ere eduki behar da, espiritualitate hori, ondo jaten emanda, horrek eramaten gaituelako aurrera eta aurrera. 

Irudian, dokumentaleko une bat.

Irudian, dokumentaleko une bat. Badator

Umetan argi zeneukan zer izan nahi zenuen, baina bidean zalantzarik eduki al duzu?

Iaz izan nituen zalantzak, baina nekearen aldetik etorritakoak ziren. "Merezi du bakarrik oholtza baten gainean kantatzen egoteagatik ez edukitzea beste ezertarako burua prest?", pentsatzen nuen. Oporretan joatea bezalako gauzetarako, lagunekin egoteko, aspertzeko astia edukitzeko zein errutina nahiko orekatu bat eraikitzeko, adibidez. Normala den bezala, hasieran dena ematen duzu nonbaitera heldu nahi duzulako. Gero hasten zara pentsatzen, balantza batean jartzen eta galdetzen: "Zerk egiten nau benetan zoriontsu?". Egia da kantatu beti kantatuko nukeela, hori argi daukat, baina ze neurritara?

Eta? Merezi du?

Merezi du eta pila bat. Beste elkarrizketa batzuetan galdetu didate ea kezkatu egin beharko liratekeen ni gaizki ikusita, baina kontua ez da hain gaizki egotea ala ez, kontua da planteatzea honek benetan zoriontsu egiten nauen edo ez, honekin pozik nagoen ala ez. Azkenean, profesional batengana joaten zara eta gauzak ondo jartzen saiatzen zara, eta berehala ondo jartzen zara eta kristoren gogoa duzu beste gauzak egiteko, ilusioa mantentzeko. 

"Berriro dena berriro egin beharko banu, ez dut uste gai izango nintzenik". Hori diozu dokumentalean. 

Eta uste dut hala dela. Zorioneko tolesgabetasuna hasi nintzenekoa. Adin hori eduki eta tabernaz taberna deitzen ninduten tokira joaten nintzen, gitarra eta biok bakarrik, gitarra jotzen ikasi berri nengoela… Norberak dena egiten zuen. Eta hori egun ezingo nuke egin. Oso eskertuta nago nire buruari hori egin zuelako. Orain, berriro zerotik hasi beharko banintz, ez nuke egingo, suposatzen zuen esfortzu eta sakrifizio horrekin guztiarekin.  

Izaro Andres musikaria.

Izaro Andres musikaria. Badator

Asko aldatu da Izaro ordutik? 

Denok aldatzen gara, eta eskerrak. Baina nik uste dut badela urte sasoi erabakigarri bat; nerabe izatetik heldu izatera pasatzen zaren momentu hori. Izaro nerabe horrek kristoren lana egin zuen, karga piloa, leku baten non nahiko berria zen gertatzen zebilen dena. Ni orain bai kontsideratzen naiz Izaro heldu bat. Aldatzen goaz, eta hori da ona, aldatzen joatea eta hazten joatea.

Dokumentalak jasotzen duena disko batean ikusi ahalko dugu?

Seguru! Ni beti konposatzen ibiltzen naiz, saihestu ezin dudan gauza bat da idaztea, arnastea den bezala. Urte hau niretzat narrastien modukoa izan da; azala aldatu eta Izaro heldu batera zelan heldu ikasi dut, ze gauza askatu, ze gauza hartu eta gauzak nola egin hemendik aurrera. Urte oso emankorra izan da zentzu horretan, baita modu artistikoan ere. 

Zein bide jarraituko du dokumentalak? 

Hori ez dakigu. Ez dugu presio berezirik jarri. Astelehenean, abenduaren 19an, Tabakaleran aurre estreinatuko dugu eta gero gerokoak. Niretzat bada disko berriaren atarikoa: gordeta dago, eginda dago, eta horrek lasaitasuna ematen dit.