Bada disko bat, bada poema liburu bat, eta bada baita ilustrazio liburu bat. Hori guztia da 'Ardo', Andoni Tolosa Morau-k, eta Beñardo Goietxek sortutako disko-liburua. Beste disko soil bat egitetik ihesi, ideia motibagarri bat bilatzen zuten lanean hasteko, eta azkenean, poliki-poliki gauzatu den abentura batean parte hartzea lortu du bikoteak, sormenera bultzatu dituen ideia praktiko eta erakargarria onduz.

Ardoa da Beñardo eta zuon bion lan berriaren hari. Zergatik aukeratu duzue ardoa gaitzat eta ez beste bat?

Alde batetik, zaletasunagatik, ardoa gustatzen zaigulako. Egia da, konturatzen zarela ardoa oso gai unibertsala dela, eta era guztietako artistek inoiz kantatu, margotu, filmatu edo idatzi dutela ardoaren gaineko zerbait. Ardoaren inguruko kultur zerrenda izugarria da, eta guk horri gure ekarpentxoa egitea pentsatu genuen. Gure kasuan, modu ezinhobea da pertsonei buruz hitz egiteko, edozein gairi buruz aritzeko… Ardoarekin, edo ardoaren inguruan edo ardoa gai dugula egiten dugun gauzetan edo ospakizunetan, azkenean gu, pertsonok, agertzen gara, eta gurekin batera, gure jendartea. 

Aipatzen duzun kultur zerrenda horretatik bereizten duenik ba al du 'Ardo'-k?

'Ardo'-k berezia daukana da gu bion ekarpena: berezia eduki dezake guri dagokigun ironia, umorearen erabilera, gaiaren trataera oso hurbila, xamurra baina ironikoa une batzuetan eta kritikoa besteetan… Nik uste dut gure ikuspuntua dela bizitza ematen diona lan honi; bai kantuei, bai poemei, eta, noski, Mattinen irudiei. Beñardo eta gu bion arteko harreman musikala aspaldikoa da, baina biok ahotsean eta biok gitarrarekin, maila horretan lan egiten, bigarren diskoa dugu eta esango nuke badela aurrerapauso bat gure elkarlan musikal horretan, heldutasunean nolabaiteko urrats bat. 

Disko-liburuaren barnealdea. Conney Beyreuther

Presarik gabe egindako lana da. Zenbat denbora ematen da halako lan bat egiten?

Azkenean, hiru bat urte igaro dira lehen testua idazten hasi eta ardofaktua kaleratu dugun arte. Prozesua oso luzea eta oso konplexua izan da, alde asko izan dituelako. Hasieran, idatzi egiten nuen eta ez nuen gitarra ukitu ere egin nahi. Idaztera nindoan, eta gero, idazten nuen horretatik testu batzuk aukeratzea neukan buruan, gero, horiekin kantuak egiteko. Kantuak nik sortu baditut ere, abesti horiek Beñardok eta biok batera ondu, gorpuztu eta egin ditugu. Horrek ere hartu du bere denbora; gainera, tartean, pandemiak harrapatu gintuen eta momentu batzuetan ez da batere erraza izan elkarlan hori bideratzea. Gero, noski, guzti horri forma estetikoa emateko, diseinu lan handia egon da, zeinetan Josu Landak lagundu gaituen. Behin kantuak bukatu eta testuak zehaztuta, Mattinengana jo genuen, gure gaia irudiz jantzi zezan. Beraz, hasi ginenetik hiru urte pasa dira, zeinetan presarik ez dugun izan, baina, era berean, gelditu gabe ibili garen. 

Zer gomendatzen duzue, lehenengo poema-liburua irakurtzea ala abestiak entzutea?

Nik uste dut hoberena diskoa entzutea dela, eta diskoa entzuten ari zaren bitartean, poema liburua irakurtzea. Kantu guztien hitzak hor daude, baina ez daude kantuan bezala. Poema horiek kantu bilakatzerakoan aldaketa batzuk jaso dituzte, eta bada jolas bat esatea: "Ze poemekin daude lotuta kantu hauek?". Alegia, ez dugu nahi disko bat beste kantu-bilduma soil bat izatea, baizik eta izan dadila zerbait konpromiso gehiago eskatzen diona entzuleari, edo zerbait gehiago ekartzen diona entzuleari, guri ekarri digun bezala. 

Hainbeste lan egin ondoren, kalean duzue 'Ardo'. Baina orain zer? 

Orain, lana zuzenean defendatu nahi dugu, uste dugulako oholtza gainean ere ardo honek badaukala bere isla. Udazkenean ekingo diegu zuzeneko aurkezpenei, baina orain ere egin ditugu batzuk; zuzenekoetan ere ardo honek aukera ezberdinak ematen dizkigu: kantatu izan dugu upategietan, egin izan ditugu ardo dastaketa musikatuak, kantu-poteoak… Ez dakigu zer iritsiko den, baina prest gaude 'Ardo' ahalik eta kolore gehienekin defendatzeko.

Disko-liburuaren barnealdea. Conney Beyreuther

Andoni, ardoaz ari garela... Ze ardo duzu zuk nahiago? 

Nik gustuko dudana da gustura nagoen pertsona horrekin edo horiekin edango dudan ardo hori. Hori da maite dudana. Askotan bada aitzakia bat elkarrekin egoteko, ideiak partekatzeko, amets egiteko, maitatzeko… Guk asko nahasi dugu, buelta asko eman dizkiogu gaiari, baina azken finean ardoaren misterioa oso sinplea izan daiteke. 

Ardo horrekin topa egingo dugu. Zergatik egingo dugu topa?

Topa egingo dugu guregatik, topa egin dezagun gogoa dagoen bitartean; izan ere, bada, nolabait esateko, egunerokotasunari txinparta ateratzeko modua. Beraz, aprobetxatu dezagun gogoa daukagun bitartean txinparta hori ateratzeko, bilatu dezagun eta disfruta dezagun!