Ane Arruti zarauztarraren ekimenez sortu da Keia musika taldea, baina aldamenean ditu berarekin batera ibilbide luzea eginda datozen Iñigo Ibarrondo, Iker Martinez de Zuazo eta Egoitz Olalde musikari oñatiarrak. Horien guztien artean sortu dute beraien lehen lan luzea: Erregaia. Hamar kantuz osatutako diskoa kalean, biran da dagoeneko laukotea. Beraien herrietatik igaro ostean, Orion eta Getarian izango dira, martxoaren 11n eta 25ean, hurrenez hurren.

Keia talde berria da, baina, taldekideak ez zarete musikan berriak.

Arrutiko Intxaurrak bezala ibili nintzen garai batean bakarlari; hori izan da nire esperientzia bakarra. Gainontzekoak oso gaztetatik hamaika taldetan aritutakoak dira: Latzen, Potemkin, Amonal, Lenao, Sharon Stoner, Zingira eta Sorkun bezalako taldeetan aritu dira. Esperientzia zabalekoak dira hiruak, ni naiz horietan denetan hasiberria.

Eskarmentu handiko musikariekin taldea osatzeak badu abantailarik?

Beraiekiko izugarrizko aldea sumatzen dut gauza askotan; nik, nire aldetik, ahal dudan guztia ikasten dut, eta bide horretan, gozatu ere egiten dut. Musika beraien bizitzaren parte da, oso langileak dira, oso diziplinatuak. Badute lan egiteko modu bat: etxean lan asko aurreratzen dute bakarkako lana eginda, eta gero elkartzen garenerako norbere etxeko lanak eginda izaten dira. Eta horrek asko laguntzen du aurreratzen.

Zergatik talde bat izateko grin hori?

Nik esango nuke gogoa betidanik izan dudala, baina beste gauza batzuk lehenetsi ditut, beti aitzakiaren bat bilatzen nuen, eta ez dut aukerarik izan konpromiso bat hartzeko talde batekin. Ez dakit benetan hala zen edo aitzakia zen eta ez nuen horretarako momentua bilatzen. Orain iritsi da momentua eta oso gustura nago.

Argi zenuten zein izango zen musika taldearen izaera?

Ez genuen argi; are gehiago, ez dugu inoiz horretaz hitz egin. Nik aurretik sortuak nituen kantuak banan-banan bakoitzak eskatzen zuena egiten ibili gara. Prozesua nahiko berezia izan da, pandemia garaikoa. Bateria jotzaileari pasatzen nion nik eginda neukana, eta berak, ostean, etxean bere kabuz bateria konposatu eta gurekin partekatzen zuen. Gero, baxu jotzaileak hartzen zuen eta bere zatia egiten zuen, eta hala joan gara kanta bakoitza sortzen. Taldekide hauek topatu izana aprobetxatu behar dudala uste dut, eta beraien gaitasunak erakusten utzi.

Eta horren emaitza rock disko bat dela esango zenuke?

Nik esango nuke rock disko bat dela baina bere zentzu zabalean. Pop ukituak ditu, stoner ukituak ditu, psikodelia pixka bat ere badu,€ Nik ez nuke esango genero garbi bat sumatzen denik, denetik dagoela pixka bat baino. Halaber, uste dut taldekide bakoitzaren ibilbideak ere zerikusia izan duela kantuetan.

Akustikoan aritzera ohituta zeunden zu. Erritmo indartsuagoetara salto egitean eroso sentitzen zara?

Bai, eroso sentitzen naiz; gainera, uste dut ni izan naizela gehien aldendu nahi zuena akustikotik. Nik aurretik akustikoa egiten nuen baina rock talde bat nahi nuen. Gogoa neukan soinu elektrikoagoetara gerturatzeko.

Abestien letra gehientsuenak zureak dira. Zeri buruz ari zara horietan?

Konturatu naiz badaudela ideia pare bat kantu pare batetan edo errepikatzen direnak. Arrutiko Intxaurrak deiturarekin aritzen nintzen bakarlari; hitz joko bat zen, baina intxaurren kontzeptu horri hasi nintzen buelta batzuk ematen; alegia, kanpotik zein gogorrak eta barrutik zein hauskorrak garen, gaur egun irudiari nolako garrantzia ematen zaion€ Ideia horiek errepikatzen dira: gure kezkak, itxurakeriak...

Keia deitura jarri diozue zuen taldeari. Ze sutatik sortutakoa da zuen kea?

Askotan barruan ditugu sute batzuk, beharbada, identifikatuta ez ditugunak baina su horietatik bai ala bai kea beti ateratzen da, beti azaleratzen da. Hortik tira egin dugu, azken finean kezkak egon badaudelako, nahiz eta egunerokoan erreparatu ez, beti azaleratzen dira nonbaitetik. Gure kezken kea dira gure kantuak.

Eta taldearen erregaia zein da?

Musika eta kantuak beraiek dira gure erregaia. Azken finean kantu horiekin, erregaia botatzen diegu kezka horiei, eta orduan sua berpizten dugu.

Geratzeko etorri al da Keia?

Momentuz, gu oso gustura gaude. Ikusiko da orain egoerak hobera egiten duen edo ez, horrek animoak asko aldatzen dituelako. Kontzertu batzuk baditugu eta horrek asko animatzen gaitu. Egoerak horrela jarraitzen badu nik uste dut baietz, jarraituko dugula. Gu egunean-egunean joango gara; momentuz, honekin gozatuz.

Hori da zuek orain duzuen lana? Kontzertuak prestatzea?

Jakin badakigu oso zaila dela; areto asko itxita daude, tabernak ere ez dira ari kontzertuak egiten, gaztetxeak ari dira martxa hartzen€ baina kosta egiten da. Gainera, pandemia garaitik inbutu moduko bat dago jende asko gelditu delako bi urte hauetan, eta aurretik zituzten lanak atzeratu egin direlako, beste batzuk sortzen hasi direlako€ Nik uste dut lan pila aterako direla, eta azkenean guztiok nahiko dugu jo eta jotzeko eremuak dira direnak. Pazientziarekin hartu beharko da eta ikusiko da zer ateratzen den.