Politika ez da akordioetara heltzea soilik, beste hainbat aldagairen kudeaketa ere politika da: hemeroteka, kontraesanak... Politika da, halaber, herri batean komeni zaizuna eskubide demokratiko gorentzat jotzeko argudiaketa garatzea, kilometro gutxira arrazoiketa horrek berak kondenatuko zaituela jakinik. Epe luzera, aldagai horien guztien kudeaketaren araberakoa izaten da alderdien edo politikarien sinesgarritasuna.

EH Bilduk emaitza oso onak lortu ditu denean, oro har. Agidanez, EAJk eta PSEk aspaldixko fosildutako akordioa berrituko dute, PPren erabakiaren menturan. Ondorioz, Maddalen Iriarteren hautagaitza aurrera egiteko biderik gabe geratua dateke. Zilegi da, noski -Iruñean bi zinegotzi baizik lortu ez dituen alderdiaren zerrendaburua alkate izendatzeko malabarak egitea bezain-, baina zalantza handiak ditut mugimendu horren egokitasunaz. Gemma Zabaletak bilakaera politiko nabaria izan du, ez logikarik gabea hain segur. Herenegun kaleratutako iritzi-artikulu batean gogor kritikatu zuen EAJren eta PSEren arteko hitzarmena, eta hainbat galdera utzi zituen airean: “¿Ayuda a la credibilidad política configurar alianzas contra natura con tal de impedir que EH Bildu gobierne? ¿Puede el PNV participar de este cordón sanitario contra EH Bildu en contra de la voluntad de la sociedad vasca? ¿Ayuda a la credibilidad de nuestras instituciones y nuestro autogobierno que quien tenga la llave de la gobernabilidad de la Diputación Foral de Gipuzkoa sea el presidente del PP y lo haga desde la calle Génova, aludiendo a poner sus votos al servicio del constitucionalismo, tal como ellos lo entienden? ¿Un partido que gobierna con la extrema derecha y que tiene 3 junteros en Gipuzkoa arrebatará la posibilidad de Gobierno a quien tiene 22, ante un PNV dispuesto a aceptarlo sin rubor alguno?”. 2009an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zirenean, Ezker Abertzalea legez kanpo utzia zutelarik, Ibarretxe buru zuen EAJren zerrendak 30 legebiltzarkide eskuratu zituen, PSEk 24, PPk 13. Azken alderdi honekin egindako hitzarmenak Patxi Lopezi eman zion lehendakaritza. Gemma Zabaleta gobernu hartako sailburu izan zen. Eta idazten jarraitzeko gogorik gabe geratu naiz...