Aldiro goiburuetara bueltatzen zaigun galdera da hauxe: gazteak nagiak ote diren. Eta datu berriak ematen hasten zaizkigu. Zenbat lan-eskaintza dauden, zenbat diren langabeak eta, hala ere, lanpostu horiek bete gabe jarraitzen duten.

Gaur, jada, ia ez doa inor itsasora. Hein handi batean, gurasoek halaxe irakatsi zigutelako. “Zuk ikasi, nahi duzun lana izan dezazun”. Itsasora joatea azkena zela ikasi genuen. Gurasoek ez zuten beren seme-alabak itsasotik bizi zintezen nahi. Beraiek ez zuten beste aukerarik izan.

Orain, ostera, gazteei zera esaten diegu: “zuk ikasi nahi duzuna eta, gero, agian, zure ikasketekin zerikusirik ez duen zerbaitetan aritu beharko duzu”. Aldatu dugu gonbitea baina ez hainbeste azpian gordetzen den nahia: ikasi duzun horrekin lotutako lana aurkitzearena, edota, gutxienez, lana aukeratzeko ahalmena izatearena. Derrigorrez aritu beharrari uko egitea, alegia.

Txokolategile batek esaten zidan aurrera, beraiek hiru turnoko lanaldiak dituztela eta, gauekoan, nahiz eta behar bezala ordaindu, inork ez duela lan egin nahi. Banaketa sektorean lan egiten duen beste batek ere aipatzen zidan, inon baino hobeto ordaindu arren, jendeak ez duela gauez lan egin nahi. Lanean hasi hasten direla, besterik ez dutelako, baina, berandu baino lehen, beste lan bat aurkitzeko burutazioz aritzen direla. Txokolategileak ere adierazten zidan, asko jota, hiru hilabetez irauten dutela gazteek lanpostuan. Gero, beste jauzi bat egiten dutela eta, horrela, ezin dutela lantaldearen egonkortasunik bermatu.

Kontua ez da gazteak nagiak diren edo ez. Lehen hitz egiten zen termino horietan. Lanari heldu nahi ez ziona alperra zen. Orain, besterik da, ordea. Amets amerikarra ezagutzeak ez zigun segur aski onik egingo baina guk ere gure seme-alabak ez ditugu soilik lanean nahi. Garatzen nahi ditugu, eurenean zoriontsu izan daitezen, eta bestelako ekarpenen bat egiten.

Bada, gazteek ere, aukeratu ahal izatea nahi dute. Eta, horrekin batera, duin bizitzeko adina irabaztea.