Galduxe sumatzen dut pilotariei izengoitiak jartzeko ohitura: ur-aztia (Elias Pierola), Amezketako mutikotea (Joxan Tolosa), Baraibarko artzaina (Galartza III.a), Goizuetako oilagorzalea (Aimar Olaitzola), Agoizko erbinudea (Patxi Eugi), Burlatako zigorra (Ruben Beloki)... Retegi II.ari Eratsungo basomutil ohia dei-tzen zioten, pilotan serioski hasi aitzin bederatzi hilabete igaro baitzituen Alpeetan, lan bortitzean. Pilotan nor izateko sufritzen jakin beharra dago. Atano X.arrenak konta-tzen du istorio labur bezain mamitsu hau: “Bi mutiko ari zituan Azkoitiko Kontzejupean pilotan. Nirekin haiei begira zegoen lagunak bietan luzeena gustatzen zitzaiola esan zidaan, erraz eta dotore egiten zuela pilotan. Nik erantzun nioan besteari aukera handiagoak ikusten nizkiola pilotan nor izateko. Errazen aritzen zen hori etxe onegikoa zuan gauza onerako; pilotan ezer izan behar duenak larre motxagoan hazia behar dik”.  

Julian Retegiri on egin zion, zalantzarik gabe, Alpeetan igarotako denboraldiak. Bestela ere aski motz izango zen mendi-mendiko herrixka hartan jaio eta hazitako mutiko haren larrea, baina basomutil izateak asko lagundu zion zailtzen, gogortzen. Badut lagun min bat, maiteenetarik bat, Alpeetan lan berean bederatzi urte iragan zituena: “Marka duk, Retegik bederatzi hilabetean lortu zian denek basomutil deitzea, nik bederatzi urtean ez nian aski meritu egin!” Zer nolako hotzak jasan behar izaten ote zituzten elurrak zenbait metroko lodiera harrapatzen zuen menditzar haietan! “Zaldia etxolaren barnean sartzen genian, ez zagok sinesterik aziendek nolako beroa ematen duten. Beste berogarri bat ere bagenian: ardoa. Azkarki edaten genian ardoa”. 

Elur pixka batek hainbesteko zalapartak eragin dizkigun egunotan, ene lagun maiteari merezi duen aitortza egin behar diodala otu zait gaur: Patxi Almandoz Tapia, Lesakako Maurren bordako basomutila.