BATEN batek esango du normala dela Zeelanda Berriko lehen ministroarekin gertatu dena, emakumeek ez dutelako presioari eusteko hainbeste ahalmen, lehen mailako kargu batean egoteko beharrezkoa dela ongi prestatuta egotea, batez ere psikologikoki, eta oso indartsua izatea. Ez dute esaten, baina, jasan behar den presio hori bikoitza izaten dela emakumeen kasuan, etengabe behartuta baitaude beren balioa erakustera, beren autoritatea berrestera, hor egotea merezi dutela frogatzera. Jacinda Ardernek esan du badoala energiarik ez duelako eta ezin duelako gehiago. Bere herrialdean, egunkari batek negarti deitu dio eta ahulegia dela esan du.

Haren dimisioaren aurreko erreakzioek argi erakusten digute oraindik ere gure gizartearen balio nagusiak zeintzuk diren. Bere erabakian eragina izan duten hainbat arrazoi egongo dira, baina jasan duen desgastean izango zuen zerikusirik ere emakume bezala etengabe bere balioa erakusteko izan duen lan gehigarriak, erantzukizun handiko kargu batean dagoen edozein emakumek izaten duena. Emakume baten balioa neurtzeko modua beti delako desberdina. Gogoan izango duzue, Sanna Marin lehen ministro finlandiarrarekin bildu ondoren, biei galdetu zietela ea bileraren arrazoia ote zen biak adin bereko emakumeak izatea, bi lehen ministroen bilera batetik irten beharrean pijama festa batetik irtengo balira bezala. Ardernek kazetariari esan zion ea galdera bera egingo liokeen Barack Obamari John Key Zeelanda Berriko lehen ministro ohiarekin bildu ostean, haiek ere antzeko adinak baitituzte. Noski ezetz.

Desgaste handia suposatzen du zure balioari, aginte ahalmenari, autoritateari buruzko aurreiritzi guztiei egunero aurre egin behar izateak. Arrazoi asko egongo dira Ardernen dimisioaren atzetik, baina emakume batek halako postu batean duen presio gehigarriak ere eragina izango zuen haren erabakian. Eta badoa ez bere ahuleziagatik, baizik eta, besteak beste, bidea zaildu dioten hainbat aurreiritzien indarragatik.