AGERTU da elurra. Neguaren hasierako egun epelek ez zuten honelako iragarpenik egiteko tenorea luzatzen. Baina, iparraldetik heldu zaigun bat-bateko afrontu hotzak dena zuritu du Euskal Herrian, bai eta Piriniotan ere.

Orain arte Pirinioetako ski-estazioek gorriak ikusi dituzte bertako pistak elurrez betetzeko eta behar bezala publikoari eskaintzeko. Kontua latza da, gero eta elur gutxiago egiten ari da Pirinioetan klima larrialdiaren erruz, eta hori urterik urtera egiaztatzen den ondorioa da. Horixe baieztatu du Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiak. Mendikate horretan elur eskasia gero eta nabariagoa da, eta bertako eski-estazioek urterik urtera arazo konplikatuagoak izaten dituzte elur horren faltagatik.

Bada, egoera hori aztertu gabe, eta agian urte batzuen buruan bertako negozioen itxiera edota prekarietatea ikusi gabe, orain, Huescako Pirinioetan dauden Astun, Candanchu eta Formigal estazioak telekabina baten bidez lotzeko proposamena mahai gaineratu dute hainbat enpresa pribatuk, haran osoa zortzi kilometroko azpiegitura mekaniko berriez betetzeko. Printzipioz, ideia da Roya haran majikoan zehar burutzea, Anayet iparraldeko hormara eskalatzera joaten garenean erabiltzen dugun horretan. Paisaia paradisiakoa, lasaia eta ederra da bertakoa.

Haran horrek duen balio naturala ez ikustea, eta ia dagoeneko desagertzera edota beste bide bat hartzera kondenaturik dagoen eredu ekonomiko eta turistiko bat modu faraonikoan berriz planteatzeak eta sustatzeak (eta gainera, Next Generation funts europarrak erabilita) ez du ez bururik, ez hankarik ere.

Gaur egun modu axolagabean proiektu neurrigabe horren zentzugabekeriari buruz arinkeriaz jardutea klima-aldaketa erabat ukatzea, eta Pirinioetako natura bikainaren ondare hauskorra deuseztatzea da. Estazio-elkartze horrek Roya harana suntsitzea ekarriko du, bai eta bertako ekosistema ahula ere.

Kapitalismoaren distopia berriz dugu atzaparka, oraingo honetan, mendian.