Munduan barrena zortzi urte luzez merkataritza lanetan aritutako ezagun batek esan zidan aurrekoan, ez garela onenak. Gure herria ez dela ez ederrena, ez bereziena, ez aurreratuena, ez berritzaileena, ez leihakorrena, ez irekiena, ez integratzaileena, ez eta hobekien bizi den lekua ere. Eta dena lurraren pare jarriko zidala pentsatu nuenean, hara non harritzen nauen esanez, “baina geurea da eta maite dugu, eta hobetzen saiatzea dagokigu. Horixe da gure lana. Ez onena izatea baizik eta hobetze bidean jarraitzea”. Umiltasun ariketa bat izan zen.

Kanpotik gauzak hobeto ikusten direla adierazi zidan ondotik. Bera erbestean bizi izan den azken urte hauetan euskal gizartean gauza asko aldatu direla. Baina badela, hala ere, izaeraren eta lan egiteko moduaren parte bat aldatzea lortzen ez duguna eta zera dela: erabaki beharreko gai baten inguruan iritzi, ahots eta ikuspegi ezberdinak jaso ondoren, elkarrizketa eta deliberazio prozesuak abiatu ostean, eta adostasunik historiko eta zabalenetara helduta ere, ez onartzea, azken burura ekarritako erabakia ona dela. Momentu horretan lor zitekeenik onena, alegia. Eta hori berori, aurrerapauso handia dela onartzea eta bidea elkarrekin egiten jarraitzeko jarrera hartzea.

Iritzi ezberdin asko jasotzea garrantzitsua bezain aberatsa da. Eta, gurean, gizartearen konpromiso mailaren erakusle. Adituak bezainbat iritzi eta proposamen jasotzeko gai gara. Baina ez, aldiz, demokratikoki lortutako adostasun horiek geure egiteko. Behin eta berriro, adostasunetara heldu aurreko atariko gaietan katramilatzeko joera daukagu, gutako bakoitzarentzat hil ala bizikoa bailitzan. Onartu ezinik, gizarte bezala adostasunetara heltzeko daukagun gaitasuna mugatua dela eta mugaren parte gu geu garela. Gu bakoitzaren egia betokerra.

Demokrazian sinesten dugu emaitzak lagun zaizkigun heinean. Baina emaitzak gogoko ez ditugunean, bada, onetsitako adostasunaren atarira bueltatzen gara, iraganaren mantalean eskuak garbi genituela erakusteko. Mantalak sukaldean uzten jakin behar da, ordea, janaria mahaian dagoenean.