ASTE honetan bolo-bolo ibili dira sareetan Kate Winslet aktoreak kazetari nerabe bati esan dizkion hitzak. Oso urduri zegoela aitortu zion gazteak, hura bere lehen elkarrizketa zelako. Elkarrizketa haurrak erreportari izatera animatzen dituen Alemaniako telebista programa baten testuinguruan egin zen. Kate neskarengana hurbiltzen da, lasaitzen du, eta esaten dio: “Inoizko elkarrizketarik onena izango da, eta badakizu zergatik? Hala izango dela erabaki dugulako”.

Zenbateraino erabaki dezakegu gertatzen zaiguna? Guk uste baino gehiago, agian? Zaila da jakitea, baina, zalantzarik gabe, gertatuko zaizuna erabakitzea posible izan daitekeela pentsatzeak ahalmen eraldatzaile ikaragarria du.

Ezinezkoa da gertatzen zaigun guztia programatzea, faktore gehiegik baldintzatzen baitute errealitatea gure erabakitik edo gure nahitik harago, baina, batzuetan, ahaztu egiten dugu erabaki dezakegun zerbait badagoela, hain zuzen ere, gertatzen zaigunaren aurrean hartzen dugun jarrera. Horrela, zerbait ondo aterako zaizula erabaki dezakezula sentitzea abiapuntu ezin hobea izan daiteke barruan duzun onena emateko. Hori erabakitzeak, azken finean, nor zaren gogoratzera eramaten zaituelako. Zu zaren hori ezkutatzen duten hainbat geruza gainetik kentzen laguntzen dizulako. Zerbait gaizki egiteko, neurria ez emateko, hitzak ez aurkitzeko, huts egiteko dugun beldurraren azpian ezkutatzen baita gure bertsiorik onena.

Horrela uler dezakegu nola den posible batzuetan gure bertsiorik onena erakustea bost axola zaizkigun pertsonen aurrean, gure barruari irteten uzten diogulako, eta, aldiz, norbait gustatzen zaigunean, atsegin izateko nahiak, gure hitz eta mugimendu guztiak neurtzera eramaten gaituen, azkenean txotxolo baten antza hartuz.

Bakoitzaren onena ematea batzuetan hain barruan ezkutatzen dugun pertsonaz gogoratzetik hasten da. Gogoratu nor zaren eta pentsatu dena ondo aterako dela. Ez duzu ondo aterako den bermerik izango baina ez da, inolaz ere, abiapuntu txarra. Eta gero gerokoak.