Erraz esaten da, baina 13.000 ikusle bildu ziren ahozko tradizio zahar horren gaurko adibideen protagonistak, bertsolariak, ikusteko grinaz, igandean Iruñean burutu zen Euskal Herriko Bertso Txapelketan. Euskarazko adierazpide kultural zabalenetako bat da, eta mundu osoan ere horrelakoak egon arren, egia da hemengo zaleen bolumena harritzekoa dela.

Aurreko hilabeteetan buruturiko saioekin, finalaurrekoekin, eta abarrekin dezente berotu zen giroa, eta sarrera guztiak aspalditik zeuden agortuta. Argi dago ikusgarriarekin dagoen zaletasuna harrigarria dela, eta munduko futbol txapelketaren finala zegoen arren, euskaldun askorentzat argi zegoen zein zen lehentasuna. 

Kontu identitarioa ere tartean badagoela esan ahal da, izan ere, dena efimeroa, arina, interesik gabekoa eta apurkorra den garai honetan, bertsoaren transmisioa eta indarra bermatu dira eta modernitatean ederki murgildu da urteen joan-etorrian bertso-eskoletan eta abarretan sekulako lana egin baita.  

Urterik urtera ikusmira eta bertsoez gozatzeko irrika handituz doazelako sentsazioa zabaltzen da beti. Bertsozaletasuna handitzen da horrelako hitzordu paregabea egiten den bakoitzean, eta jada bertsolariak ez dira behinola tabernetan edota oholtza ziztrin batean aritzen ziren gazte batzuk. Gaurko bertsolariak literatoak dira, poetak dira, militanteak dira, artistak dira, musikoak dira, sortzaileak dira (lehen ere antzeko izan zitezkeen) eta dituzten ondasun, genialitate, eta ezagutza ikaragarriak dira, eta hori guztia ondo apreziatzen du bertsozaleak. Gaurko egunean kezkatzen gaituzten gaien disekzio zehatza egiten dute bertsolariek, beti ikuspegi kolektibo batetik, modu zorrotz batean, aho-bizarrik gabe.

Eta gaurko egunetako adaptazio eta inplikazio horren isla oholtza gainean ikusi zen zorionez. Aspaldian gizonen kontua zen bertsoa, eta igandeko finalean hiru finalista emakumeak ziren.

Bertsolariek badakite jendea emozionatzen, bertsoa emozioa baita, eta datuen arabera, emozio horretaz berrehun mila ikuslek gozatu zuten, kantuka eta euskaraz. Zorionak!