gAUR, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu mundu osoko euskaldunok. Eusko Ikaskuntzak 1948an sortutako ekimenean izanik jatorria, 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak ofizial bihurtu eta onetsitakoa. “Lotsa handia litzateke guk, euskaldunok, geure hizkuntza galtzen ikustea”, hala zioen Eusko Ikaskuntzak aldarrikatutako leloak. Gaur 2022ko euskaldunok esan dezakegu ez dugula gure hizkuntza galtzen utzi, bere goien gradura ekarri dugula eta gure ondorengoei aukeraz betetako hizkuntza uzteko konpromisoa daukagula.

Koldo Mitxelenak idatzita utzi zuen euskararen misteriorik handiena ez dela bere jatorri ezezaguna, mendez mende orain arte bizirik irautea baino. Irulegin Arantzadikoek aurkitutako eskua Mitxelena maisu argiak jaso duen omenaldirik onena dela esango nuke. Hizkuntza kontuetan jakitun direnek esan beharko digute, ikerketaren bidetik, Irulegiko zorioneko testu horretan ageri diren hitzak euskara zaharrarekin, baskonikoarekin edo beste hizkuntzaren batekin lotura duten. Euskara zaharraren aztarnak direla baieztatuta ere, ez da dudarik erromatarrek lur hauetara iritsitakoan entzun zuten mintzaira guk gaur hitz egiten dugunaren oso bestelakoa izango zela. Seguruenik gaurko euskaldunontzat ulergaitza, gaurko gaztelania hitz egiten dugunontzat Kristoren garaiko latina ulertezina zaigun bezala. Baina argi dagoena da, Irulegikoa zer nahi dela ere, baskonikoa izan edo euskara zaharra, gaur hitz egiten dugun euskal hizkuntza mendeetan zehar gizatalde batek belaunaldiz belaunaldi transmititutako hizkuntzaren eboluzioaren emaitza dela. Mendetako ibilbide horretan une bakoitzeko euskaldunek euskal hizkuntza erabili dute, aldatu eta egokitu dute, irauli eta oratu, handik eta hemendik hartutako hitzez eta formaz osatu, gaur egun duen itxura hartu duen arte, sasoi bakoitzeko kontestuari, egoerari eta harremanei modu naturalean erantzuna emanez.

Gaur egungo euskaldunok soka horren katebegiak gara. Euskara jaso dugu, batzuk etxean edo eskolan; beste batzuk kalean edo euskaltegian; eta gure seme-alabei eskaini nahi diegu bizirik iraun dezan, komunikazio tresna bezala baliagarria gerta dakien. Hizkuntzak hezur-mamitzen duen komunitate bateko kide sentitzen gara, euskararen katea zaharraren begi berriak.

Soka luze horretan, 40 urte dira Eusko Legebiltzarrak Euskararen Legea onartu zuela. Euskararen erabilera arauzkotzea zuen xede eta herritarron hizkuntza eskubideak zehaztu eta finkatu zituen. Helburu nagusi bat zuen: gizon eta emakume elebidunez osatutako komunitatea eraikitzea. Eta bi irizpide finkatu zituen. Lehenak eskubidea ematen digu herritarroi gure bi hizkuntza ofizialen artean nahi duguna erabil dezagun. Eta horretarako irizpide argi bat ezarri zien legeak herri aginteei: eskubideak herritarrarenak dira, betebeharrak administrazioarenak.

Euskararen Legeak babes zabala lortu zuen, eztabaida eta negoziazio luze baten ondoren. Eta lege hartan oinarrituta, pausoz pauso, baina etenik gabe, lortzen ari gara aitortuta dauzkagun hizkuntza-eskubideak baliatzea administrazioekin ditugun harremanetan, gure seme-alabentzat hezkuntza aukeratzean, informazioa jasotzerakoan edo kultura produktuez gozatzerakoan.

1982ko legea baliatu eta berritu dugu herri administrazio ezberdinetan plangintzak eta erabakiak hartu ditugunetan. Legeaz baliatu dira alderdi politikoak, dauzkagun eta izan ditugun guztiak, euskal herri-administrazioetan, udal, aldundi eta Jaurlaritzan, gobernura iritsi eta hizkuntza-politikari buruzko erabakiak hartu behar izan dituztenetan. Eta baliatu eta berritu zaigu aldiro, euskararen erabilera bermatzeko Plangintzak onartu ditugunean, euskara biziberritzeko, hizkuntza-teknologiak sustatzeko edo hizkuntzak erabiltzeko irizpideak finkatu ditugunean edo Udal Legea onartu genuenean. Pauso garrantzitsuak eman ditugu bai, legearen babesean, baina oraindik ere bada zeregina. Eremu berriak irabazi behar ditugu euskaldunok euskaraz bizitzeko, lanean, aisialdian, kirolean, mundu digitalean, ikus-entzunezkoan edo meta bertsoan. Eta horretan ari gara, elkarrekin lanean, herri erakundeak, gizarte eragileak eta euskaltzaleak.

Baina batez ere belaunaldi berriak izan behar ditugu gogoan. Etxean edo eskolan ikasi duten euskara kalean nonahi eta zertarako erabiltzeko baldintzak sortu behar dizkiegu, jolasean, eskola-kirolean, aisialdian, kultura-emanaldietan, unibertsitatean edo lan munduan euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten. Gazte horiek elebidunak izango dira eta hirugarren hizkuntzaren bat ere hitz egingo dute, gehienek ingelesa. Haien bizitzan euskarak tokia izan dezan baldintzak lortzea da gaurko helduon zeregin nagusia. Elkarrekin komunikatzeko, elkarrekin bizitzeko baliagarri izango zaien hizkuntza eman behar diegu, haiek ondorengoei pasako dietena. Oso bestelakoa izango den mundua ezagutuko dute. Eta mundu berri horretan ere euskarak bizirik irautea nahi genuke.

Orain arte egindako bidea adostasunetik egindakoa izan da. Euskararen Legea da horren adibide. Baita harrez gero guztien artean egindako bidea ere. Aurrerantzean ere hala beharko du izan. Datozen urteetarako akordioak berritzeko unea da, eta zenbat eta zabalagoak izan are eta eraginkorragoak izango dira. Adostasunetik aurrerantz jarraitzeko abagunean gaude. Egin dezagun. l

Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua