urtebete pasatxo honetan, euforiatik pesimismora igaro gara, ia oharkabean. Hori horrela, izurriteak eragindako gainbehera gainditzeko, urrats sendoak egitetik atzeranzko joera indartzera iristen ari gara bazter guztietan. Kontsumorako Prezioen Indizea gora doa, zenbaitetan, energiaren eraginagatik, beste batzuetan, elikagaien zein bestelakoen bultzadagatik... edo dena delakoagatik. Bien bitartean, ordea, inoizko irabazirik handienak izaten ari dira energia, banka eta gainerako sektore unibertsaletan ari diren enpresa, korporazio eta bestelakoak. Ez dakit gerraren kontu hau ez den bilakatu, ez dugun bilakarazi, gutxi batzuen poltsikoak betetzeko estakuru, herritar gehienen erosahalmena urritzen ari den bitartean!

Duela urtebete, zintzo pentsatzen nuen, gerraren eraginez, erregai eta argindar konpainiek irabazi txikiagoak izango zituztela... Errealitateak, ordea, bestelakoa diosku, herritarrek erosahalmenari lotutako gero eta zailtasun handiagoak dituzten artean, konpainia horiek aurreko urteetako mozkinak izugarri emendatu dituztela eta. Ondorioz, pentsatzekoa da enpresa horiek marjinak hobetu dituztela, krisiaren eragina herritarren bizkar lagaz eta egoerari probetxurik handiena ateratzen saiatuz. Zalantza handiak ditut gobernuak erregaiei eginiko beherapena ere ez den energia enpresen emaitzak loditzeko baliagarri gertatu.

Bankuei doakienez, herritarrek finantza-entitateetan duten diruagatik ez dute interesik ordaintzen, aitzitik, komisioak ugariak dira, bestelako kredituengatik interesak kobratzen dituzte eta, orain, Europako Banku Zentralak interes-tasa igotzearen ondorioz, tarrapataka, ari dira kredituak eskuratzeko baldintzak gogortzen. Aldi berean, zerbitzuak, besteak beste, zuzeneko arreta, eskasten ari dira... eta sektore horrek ere inoizko irabazirik handienak eskuratu ditu. Elikagaien alorrean ere, marjinak handitu dira, bereziki, banaketa-enpresen aldetik, ekoizleak sakatzen eta ordaintzen zaien prezioa estuki atxikitzen duten artean... Eta antzeko kontuak suertatzen ari dira hainbat zerbitzutan.

Bestalde, inoizko irabazirik handienak eskuratzen ari direnek badiote herritarrei soldata KPIaren arabera igotzea ez dela komeni, horrek inflazioan eragin negatiboa izan dezakeelako. Mozkinek ez dute inflazioan inolako eraginik, antza denez. Ondorioz, inflazioari aurre egiteko politikaren ardatz nagusia herritarren erosahalmena murriztea bihurtu da. Hori horrela, erregaien, elikagaien, hipoteken, zerbitzuen zein bestelakoen prezioa gorantza doa, herritarrek, berriz, eskuragarri duten errenta gero eta txikiagoa da. Amaitzeko, testuinguru honetan, nago herri-erakundeek esku-hartze handiagoa izan beharko luketela, gehiegizko irabazi horiei muga jartzeko, bai eta ahulen direnak babesteko ere. Inor atzean gera ez dadin eta diru-goseak hilotzak nonahi laga ez ditzan!