Aztoramena eragin du Konstituzio Auzitegiak hartutako kautelazko erabakia, auzitegi horren osaera desblokeatzeko asmoz, Espainiako Parlamentuak erabakia har dezan eragotzi duena. Edozein modutara, gertaera larria izanik ere, jazo dena lehenago edo geroago pasatu behar zen. Izan ere, lehenago ere oso erabaki larriak hartu izan dira, hala moduz hartu ere, besteak beste, gure artean eragin kaltegarriak izan dituztenak eta, bidenabar, Espainiako bi alderdi nagusien apetak eta ikuspegi estrategikoak asebete dituztenak. Ondorioz, ez gaitezen, oraingoz, zeruari deiadarka hasi, arren!

Epaitegietako estamentu gorenak eraberritzeko prozedura morroiloz itxi zuten estatuko bi alderdi nagusiek trantsizio denboran. Hori horrela, aurrerantzean, halakoak eguneratu nahi baziren, bi alderdi nagusien adostasuna behar-beharrezkoa izango zen, eta bidea itxiko zitzaien bestelako gehiengoetatik etorritako proposamenei. Hasieratik, bi hereneko langa ezartzeari lotutako asmoa izan da estatuko gain-egiturak bi alderdi nagusien artean elkarbanatzea... eta horrek oso ondo funtzionatu izan du estatuaren interesak, osaera, ikuspegi bateratua eta araubidea autonomia-erkidegoei ezarri behar izan zaien bakoitzean. Bi alderdi nagusiek izendatu dituzte kideak, bi-bien sokakoak, izendaturikoak alderdietako militanteak ez direla lau haizeetara zabaltzen ahalegindu arren!

PSOE alderdiak egitura horietako karguen jabeak izendatzeko prozedurari eutsi nahi izan dio hasiera-hasieratik... baina PP alderdiaren ezezko erantzunarekin egin du topo, azken horrek lehenetsi duelako lehendik eskuratuta zeukan gehiengoari edonola eustea eta, gain-egitura horien bitartez, Espainiako Kongresuak hartzen dituen erabaki aurrerakoiei trabak jartzea. Herritarren nahi eta borondateari horma moduko bat altxatuta erantzun nahi izan die PPk eta hortik dator egungo blokeo egoera.

Azkenean, epaitegien goi-egituren berritzeari buruzko araubidea eguneratzeko aukeraren alde egin behar izan du alderdi sozialistak, hala moduz egin ere, prozedura bete gabe eta parlamentarien eskubideak urratu baititu. Horretarako urteak izan ditu... baina gauza batzuetan, inbestiduraren gehiengoarekin jardun nahi izan du eta beste auzi batzuetan, PP alderdiarekin akordioetara iristea lehenetsi du, besteak beste, oposizioan egoteko txanda iristen zaionean, eragin ahal izateko, heldulekuren bat gordetzeko. Baina, legegintzaldiak aurrera egin ahala, gero eta nabarmenago geratu da bi-biak ezkontzea ezinezkoa dela, ezin direla inbestidura ahalbidetu zuten alderdiekin hitzartutakoak bete, aurrerapen eta erabaki oro geldiarazteko asmoz, oposizioan daudenek Konstituzio Epaitegian zein bestelakoetan dituzten heldulekuei oratzen badizkiote. Ondorioz, arrazoizkoa da, onuragarria eta guztiz demokratikoa bestelako gehiengoen bitartez epaitegietako gain-egiturak izendatu nahi izatea eta eraberritzen saiatzea... hori bai, ganoraz ere egitea ezinbestekoa da.