Lelo arpegiagaz geratu ginan Athletici Anoetan jokatutako derbian jazo jakona ikusita. Gauza gehiegi pilotu ziran gauza onerako eta zuri-gorriek ez eben punturik lortzerik izan Europarako sailkatzeko borrokan aurkari zuzena dan, edo zan, Realaren aurka. Ernesto Valverderen taldeak arerio gehiegi izan ebazan zapatuan Donostian. Hasteko, Athleticeko jokalariek opari larregi egin eutsiezan aurkariei, azkenaldian erakutsitako sendotasuna pikutara botata. Eta, jakina, Realari gol bi sartzeko alfonbra gorria ipinita ez dago ezer lortzerik. Edozelan be, hamabi minututan euren burua bi bider kondenatu arren, Valverderen gizonek ez eben amore emon eta garaipena eskuratzeko lehiara itzultzea lortu eben Oihan Sancetek sartutako golari esker. Epaileak, baina, akabau egin ebazan zuri-gorrien aukera guztiak berak bakarrik ikusi eban penaltia adierazo eta Yeray aldagelara bialduta. Arestian esan lez, arerio lar gauza onerako. Ha-ta guzti be, ezin esan jokaldi hori erabakigarria izan zanik, ordurako Athletic 2-1 galtzen egoan-eta. Kontua da, Valverderen taldea ez dala garaipenik lortzeko gauza izan liga txapelketeari berrekin deutsonetik. Ganera, hamar puntu baino ez dauz lortu azken hamar jardunaldietan. Eta, jakina, batezbesteko horregaz ez dago Europarako sailkatzerik. Sentsazinoak emaitzak baino hobeak badira be, bai, zuri-gorriek arazo handiegiak daukiez aurkariak menderatzeko. Europarako trena joan egin dala esatea gehiegi esatea bada be, Athleticek lehenbailehen aldatu behar dau dinamika negatiboa.

Betisen aurka zelairatu eban hamaikakoa errepikatu eban Ernesto Valverdek Realari aurre egiteko. Danok itxaroten genduan Oier Zarragak hasieratik jokatuko ebala Osasunaren aurkako partiduan lan bikaina egin ondoren. Entrenatzaileak, ostera, Dani Garciaren aldeko apostua egin eban erdilari bizkaitarra ordezkoen aulkian itxita. Aurkariari begiratuta hartutako erabagia, zalantza barik. Edozelan be, zuri-gorriek sendo ekin eutsoen norgehiagokari eta eurena izan zan lehen gol aukerea. Realak, ostera, baten be ez eban jaurti Unai Simonen ateko hiru zutoinen artera. Futbolean gauzak goitik behera aldatu daitekez jokaldi baten eta Reala aurretik jarri zan zuri-gorriek jokoz kanpokoan egindako huts baten ondorioz. Imanol Alguacilen taldeak erakargarritasun itzela erakutsi eban zuri-gorrien ate aurrean. Izan be, bi bider jaurti eben eta gol bi sartu. Esan beharrik ez dago, Mikel Vesgak galdutako baloia huts egite larria izan zala. Zorionez, Athletic bizirik iritsi zan atsedenaldira Sancetek sartutako golari esker. Egia esateko, danok uste genduan Valverderen taldea gauza izango zala markagailuari bueltea emoteko. Entrenatzailea, baina, ez zan ausartu garaipenaren aldeko apostu garbia egitera bigarren zatirako eta ez eban aldaketarik egin hamaikakoan Dani Garciak txartel horia euki arren. Bigarren zatian, zuri-gorriak ez ziran gauza izan ikara apur bat be sartzeko Anoetako zaleei, hamazortzigarren minutuan epaileak partidua erabagita itxi eban arte. Aurretik, Nico Williamsen huts egite itzela egin eban. Kontuak kontu, Realak erraztasun gehiegi euki ebazan derbian eta gauza handirik egin barik eskuratu eban garaipena.

Gauza bategaitik edo besteagaitik, Athleticek ezin dau partidurik irabazi. Futbola horrelakoa dala esanda edo sentsazinoak ez dirala txarrak esanda, ez goaz inora. Puntuak behar dira. Garaipenak behar dira. Eta lehenengoa Espanyolen aurka bihar San Mamesen.