Futbola oso erreza da. Gol gehien sartzen dauan taldeak lortzen dau garaipena. Beraz, golik sartu ezean, ezinezkoa da garaipena eskuratzea. Eta Athleticek ez dau golik sartu liga txapelketako azken partidu bietan. Beraz, zuri-gorrien lan onak, Benito Villamarinen zein Osasunaren aurka San Mamesen, ez dau merezitako saririk izan. Zuri-gorriek garaipena eskuratzeko egin beharreko guztia egin eben Jagoba Arrasateren taldearen aurkako norgehiagokan, garrantzitsuena izan ezik: gola sartu. Aitor Fernandezenen atera sarritan hurreratu arren, Athleticeko jokalariak ez ziran golik sartzeko gauza izan azken metroetan hartutako erabagiak okerrak izan ziralako –gehienetan- edota Osasunako atezainak ondo bete ebalako bere lana. Ez da kontu barria zuri-gorriek golak sartzeko orduan daukiezan arazoena. Nabarmentzekoa da, Athleticek ez dauela golik sartu ligako azken bi partiduetan. Egia da, baita, Unai Simonek ez dauela golik jaso azken hiru jardunaldietan. Kontuak kontu, eta Ernesto Valverdek partidua amaitu osteko prentsaurrekoan esan eban lez, taldea ondo dago eta Osasunaren aurka bardindu izana ez da atzerapausutzat hartu behar. Hori bai, Valverdek eta bere laguntzaileek buelta bat emon behar deutse kornerren kontuari. Izan be, kezkatzekoa da hain arrisku gitxi sortzea hainbeste korner atarata.

Erasoko jokoaren aldeko apostu garbia egin eban Ernesto Valverdek Osasunaren aurkako lehian. Athleticeko entrenatzaileak baekian zelako partidua proposatuko eutson Jagoba Arrasateren taldeak eta erasoari ekin eutson lehen minututik golaren bila. Williams anaiak min egiten hasi ziran hegaletatik hegaleko atzelari biek ederto lagunduta. De Marcos eta Berchichek asko emoten deutse taldearen erasoko jokoari. Kontua da, aurkariaren atera hurreratzeagaz ez dala nahikoa golak sartzeko. Aukerak gauzatu egin behar dira, jokaldiak amaitu egin behar dira, osterantzean bedartzan erakutsitako erabateko nagusitasunak ez dau saririk jasoten-eta. Williams anaiek, De Marcosek, Guruzetak eta enparauek, baina, okerreko erabagiak hartu ebezan Osasunaren ate ingurura hurreratu ziran bakotxean. Athleticek ito egin eban aurkaria lehen zatian baina bizirik itxi eban.

Orokorrean Athleticeko jokalari guztiek maila ona emon baeben be, nabarmentzekoa da Oier Zarraga Egaña gazteak egindako lan bikaina. Valverdek hasierako hamaikakoan zelairatu eban Sestao eta Eldenseren aurka eta getxoztarrak ederto baliatu ditu entrenatzaileak kopako partiduetan emondako aukerak. Txingurrik titular jarri eban Osasunaren aurka eta Zarragak ederto erantzun eutson entrenatzaileak beregan jarritako konfiantzeari. Baloia eskatu eban zelai erdian, jokoa banatu, erasora jo bertikaltasunez aurkariaren lerroak apurtuz eta atera jaurti eban, eskumaz eta ezkerrez, aukera izan eban bakotxean. Aukerak baliatu egin behar dira eta Oier Zarragak aurrerapausu nabarmena emon dau titulartasunareko bidean. Albiste ona erasoko jokoaren aldeko apostu garbia egiten dauen entrenatzailearentzat.

Hilebete gogorra jatorko Athletici. Realaren eta Real Madriden aurka jokatuko dauz ligako hurrengo partidu biak eta Espanyolen aurka kopako kanporaketan. Talde fidagarria da Ernesto Valverderena eta baikor egon gaitekez hurrengo norgehiagokei begira. Hori bai, partiduak irabazteko golak sartu behar dira. Argi eta garbi.