Ernesto Valverdek bakarrik daki zergaitik ez eban zelairatu Iñigo Martinez azken bi partiduetan, Sestaoren aurka Kopan eta Benito Villamarinen Ligan. Edozelan be, ezin ukatu deigarri egin jakula Martinez ordezkoen aulkian geratu izana. Izan be, atzelari ondarrutarra hasierako hamaikakoan egon da beti edo, ia beti, tartean lesinoren bat edo arazo fisikoren bat egon ezean. Ibaiganetik atzo jakin eragin ebanez, Martinezek faszitisa dauka bere eskuin oinaren azpiko aldean eta ezin izan eban parte hartu atzoko entrenamendu saioan. Egia da Dani Vivian eta Yeray Alvarez lan ona egiten dabilzala, bai. Egia da, baitxe, entrenatzaileak berak usten dauen hamaikakorik onena zelairatuko dauela partidu guztietan, inork baino hobeto dakielako zelan dagoan jokalari bakotxa, entrenamenduetan erakutsitako mailearen arabera batez be. Edozelan be, gogor egiten jat Iñigo Martinez ordezkoen aulkian jesarrita ikustea. Ondarrutarrak asko emon deutso taldeari 2018 urteko neguko merkatuan Bilbora heldu zanetik, eta jokalari garrantzitsua baino, erabagigarria izan da, eta da Athleticen. Hori dala-eta oso-oso garran- tzitsua izango litzateke Bilbon segidutea hurrengo denporaldietan.

Danok dakigu, Iñigo Martinezek Athleticegaz daukan lan hitzarmena aurtengo ekainaren 30ean amaituten dala. Nik beti pentsau izan dot jokalari batek berak gura dauen lekuan jokatzen dauela eta talde batetik urten gura dauenean urten egiten dauela, oztopo guztien ganetik. Jokalariak, baina, ezin dau beti aukeratu zein taldetan jokatuko dauen, klubek be euren plantilako kideak nortzuk izango diran eta ez diran izango aukeratzen dauelako hainbat faktoreren arabera. Gogoratu behar dogu Aritz Adurizek negarrez hartu ebala Mallorcarako bidea, García Macuaren direktibak saldu egin ebalako. Iñigo Martinezen kasuan dakigun gauza bakarra da, Athleticek eta jokalariak ez dabela akordiorik adostu kontratu barria sinatzeko. Zaleen artean zabalduta dago, ondarrutarrak ez dauela Athleticen segidu gura Bartzelonara joan gura dauelako, klubaren eskeintzeari jaramonik egin barik. Kontua da, Jose Luis Artetxe lankidearen arabera, Athleticek ez dauela urratsik emon Iñigo Martinezegaz berba egin eta akordio bat bilatzeko. Sinestuezina bezain larria. Izan be, Jon Uriarteren zuzendaritza batzordeak ahalegin guztiak egin beharko leukez Ondarroako atzelariak Athleticek segidu daian, euskal jokalari onenak gure taldean egotea gura dogula egia bada behintzat.

125. urte beteko ditu Bilboko futbol klubak. Erakunde zaharra da eta asko aldatu da 1898tik. Eta aldatzen segiduko dau ezinbestean. Edozelan be, sustraiak, arimea eta nortasuna sendo mantendu behar dira, urteak joan, urteak etorri, aurkitzen doguzan oztopo guztien ganetik. Gure betiko estiloari eutsi behar deutsagu. Are gehiago, Lezaman, gure klubaren bihotzean. Ehundaka neska eta mutil doaz egunero bertara, egunen baten lehen taldean jokatu dabenaren ilusinoagaz. Eta horrek guztiak ondo jagon behar dira. Berotasuna emon behar jake eta Athletic sentimendua indartu. Begirunez beti. Lezaman ari diran gazteak pertsona moduan hezi gura doguzala egia bada –zalantza handiak daukadaz– alde humanoari garrantzi handia emon behar jako, teknologia barrietan aditua izateari edo nazinoarte mailako masterrak ikasi izanari hainbesteko garrantzia emon barik. Eta futbolaz asko dakien hezitzaile bikainak aurkitzeko ez da urrun joan behar, etxean ugari doguz-eta. Eta euskaldunak ganera. Lezama ezin da izan goi mailako futbol akademia hotz eta arrunt bat. l