Aste erabakigarriak ditu aurretik Athleticek. Adituek dinoen moduan, liga txapelketako azken hamar jardunaldietan erabagiko da non amaituko dauen sailkapenean talde bakotxak. Edozelan be, lehiaketako azken txanpara ondo kokatuta heltzeko, ezinbestekoa izango da maila ona emotea datozen partiduetan, are gehiago zuri-gorriek eukiko dabezan aurkarien maila ona ikusita. Izan be, Betis, Osasuna, Reala eta Real Madriden aurka jokatuko dau Ernesto Valverderen taldeak hurrengo jardunaldietan, aste tarteko kopako partiduak ahaztu barik. Oso gatxa da jakitea ze maila emongo daben taldeek munduko txapelketak eragindako ezohiko etenaldiaren ostean, inoiz ez da-eta horrelako nahibako atsedenaldirik egon. Athleticek bost partidu jokatu ditu hamabost eguneko atsedenaldiaren ostean eta egia esateko, zuri-gorriek itxaropentsu egoteko moduko mailea emon dabe bostetan. Nabarmentzekoa da, batez be, ez dabela gol bat bera be jaso Chivas, Valladolid, Burgos, Udinese eta Sestaoren aurka, Las Llanasen isturaldi bat baino gehiago pasa arren. Goi mailako aurkariak ez badira be, bost partidutan golik jaso barik amaitu izanak asko esan gura dau taldearen defentsarako egiturearen alde. Benito Villamarinen azterketa gogorra gainditu beharko dabe Valverderen gizonek.

Ikur baten agurra

Ni jaio baino lau hilabete lehenago jokatu eban Txetxu Rojok bere lehen partidua Athleticegaz, Cordobaren aurka El Arcangel futbol zelaian. Umea nintzala, Rojorena eta Iribarrena ziran kromo estimatuenak, Johan Cruyffenarekin batera. Bermeora etorri ziran behin eta neure etxe aurretik pasau ziran Jose Anjel eta Txetxu -Santa Eufemia eleizearen atzean dagoan Gaztelu auzoan- eta ikusi nebazanean berba barik geratu nintzan, erabat txundituta, neure idolo nagusien aurrean. Beste planeta batetik etorri izan balira bezala. Sasoi haretan gure herrian ez zan erreza San Mameserako sarrerak eskuratzea. Herriko taxista ezagun baten bitartez iritsi jatan Katedralera lehenengoz joateko aukerea Athleticen partidu bat ikustera. Egun hori ez dot sekula ahaztuko, nire bizitzan gitxitan euki dodalako orduan besteko ilusinoa. Egun horren aurretik, zuri-baltzean baino ez nebazan ikusi Athleticeko jokalariak Espainiako telebistako lehen katean Guillermo Fernandezek kontauta. Egun haretan liluratuta geratu nintzan Athleticen 11 zenbakiagaz jokatu eban ezkertiagaz. Handik urte gitxira, zuri-gorriak lehenengoz iritsi ziran Europako final bat jokatzera. Hungariako Ujpest Dosza, Suitzako Basel, Italiako AC Milan, Kataluniako Bartzelona eta Beljikako Racing White kanporatu ostean, Giovanni Trapatonnik zuzentzen eban Torinoko Juventusen aurka jokatu eban finala Athleticek. Dino Zoff, Tardelli, Gentile, Bettega, Scirea, Causiok jokatzen eben orduan Vecchia Signoran eta Espainian jokatutako munduko txapelketea irabazi eben bost urte beranduago. Rojo anaiek, Iribarrek, Gisasolak, Txurruka, Irureta eta enparauek ezin izan eben txapela eskuratu Bettegak San Mamesen sartutako golak balio bikotxa euki ebalako. Negar egin neban baina era berean sekulako harrotasuna sentidu neban. Txetxu Rojo eta Iribar betirako geratu ziran nire oroimenean. Beste alde batetik beti gustau izan jat Rojok zelaian erakusten eban izaera menderaezina, rebeldea. Ez dot sekula ahaztuko Insular estadioan korner bat atarateko egoala Espainiako polizia bategaz euki eban gora beherea. Gaur milaka lagun batuko dira Begoñako basilikan azken agurra emoteko Athleticeko ikur handienetakoari.