EZ da ezustekorik egon Kopa txapelketako lehen kanporaketan eta Athleticek arazo handi barik kanporatu dau Alzira taldea. Egia da, Ernesto Valverderen taldeak ez ebala partidu bikaina jokatu baina horrelako lehiatan garrantzitsuena ez da joko ona erakustea, aurrera egitea baino. Bestela, galdetu Cadizi edo Almeriari. Zuri-gorriek erabagita itxi eben kanporaketea lehen zatian Berenguerrek eta Nico Williamsek sartutako golei esker eta bihar egingo dan zozketan egongo dira. Denporaldiaren lehen zatiaren amaierara helduta, balorazinoak egiteko ordua be bada eta zuri-gorriek orain arte jokatu dabezan hamabost partiduetan argi-ilunak egon badira be Valverderen taldeak maila ona erakutsi dau norgehiagoka gehienetan. Camp Nou eta Montilivin bakarrik huts egin dabe zuri-gorriek. Sailkapenera begiratuta, laugarren postuan dago Athletic, Txapeldunen Ligarako postuetan. Egia da, Betis eta Atletico de Madridegaz bardinduta dagoala eta Osasuna eta Rayo Vallecano hurre dituela, bai, baina abuztuaren 15ean zuri-gorriek ligako lehen partidua jokatu aurretik danok sinatuko genduan taldea sailkapeneko laugarren postuan egotea hamalau jardunaldi jokatu ostean. Hogeta lau puntu eskuratuta, Valverdek eta bere mutilek nasai ekingo deutsoe atsedenaldiari.

Athleticeko entrenatzaileak ederto azaldu eban kopa txapelketako lehenengo kanporaketek daukien arriskua. Aurkaria kanporatzea betebeharra da lehen mailako taldearentzat, teorian beste taldea baino gehiago dalako. Sarritan, baina, gidoia okertu egiten da eta porrot historikoak gertatzen dira, Torrelavegako Gimnastikaren edota Formenteraren aurka Athleticeri gertatu jakon moduan. Valverdek badaki horrelako hondamenak, gertatu, gertatzen dirala eta hamaikako sendoa zelairatu eban Alziran ezustekorako ateak ixteko asmoagaz. Zuri-gorriak, ganera, kozentratuta agertu ziran lehen minututik. Hori gitxi balitz, gol bi sartu ebezan lehenengo zatian eta aurkariak ia jaurti be ez eban egin Julen Agirrezabalaren atera. Lehenengo zatian kanporaketea ondo bideratuta itxi ostean, zuri-gorrien errendimenduak beherakada nabarmena euki eban bigarren zatian. Etxeko taldeak, ostera, lehenengo zatian erakutsi ez eban joko erasokorra azaldu eban bigarrengoan. Valentziarrek ez eben golik sartu baina ez ziran urrun ibili Agirrezabalaren atea zula-tzetik. Ezin esan Valverderen taldeak sufridu egin ebanik baina onartu behar da etxeko taldea nagusi izan zala jokoan bigarren zatiko tarte batzutan.

Julen Agirrezabala eta Asier Villalibre izan ziran nobedade nagusienak Athleticen hamaikakoan. Atezainarentzat denporaldiko lehen minutuak izan ziran eta lan handirik izan ez arren barriro be garbi erakutsi eban goi mailako atezaina dala. Nasaitasuna transmititzen dau atepetik. Gernikako aurrelaria hasierako hamaikakoan izan zan bigarrenez, lehenengo jardunaldian Mallorcaren aurkako partiduan titular izan zanetik minutu gitxi batzuk jokatzeko aukerea izan ondoren. Lan txukuna egin eban gernikarrak baina ez eban aurkariaren atea zulatzea lortu aukera garbiak izan ebazan be. Esango neuke Villalibrek ondo baliatu ebala Valverdek emondako aukerea eta ia minutu gehiagotan ikusten dogun bedartzan.

Azkenik, zoriondu egin behar Gernika, Arenas eta Sestao River kopako lehen kanporaketea gainditu dabelako maila handiagoko aurkariak kanporatuta. Ia zortea dagoan biharko zozketan.