Denporaldiko partidurik makalena egin dau Athleticek sailkapenean jauzi garrantzitsua emoteko aukera ederra eukanean. Valverdek berak sarritan esaten dauen moduan, galtzeko moduak eta moduak dagoz eta zuri-gorriek ondo mereziduta galdu eben Gironaren zelaian, partidu guztian -azken minutuetan izan ezik- aurkariaren menpean egon ziran-eta. Michelek zuzendutako taldeak Liverpool emoten eban, ezinean ari zan aurkariaren lerroak behin eta barriro gaindituz. Azken jardunaldiko porrota oso mingarria izan arren, onartu behar dogu Athleticek noizeanbehin egiten dituela horrelakoak, etxetik kanpoko partiduetan batez be. Kontua da, taldeak Gironan erakutsi eban ezintasunak zalantzak sortzen dituela taldearen inguruan. Valverderen taldeak danatarikoa erakutsi deusku liga txapelketaren hasieran. Joko bikaina ikusi dogu partidu batzutan -San Mamesen batez be- eta oso makala beste batzutan. Erregulartasuna erakutsi ezean nekez lortuko dau Athleticek Europarako postuetan amaitzea denporaldia.

Liga txapelketako hamahiru jardunaldi jokatuta, Athletic sailkapeneko goialdean dago Europarako postuak hurre dituela, lehen zazpi jardunaldietan lortutako hamasei puntuei esker. Azken sei jardunaldietan, ostera, Ernesto Valverderen taldearen errendimenduak beherakada nabarmena euki dau. Izan be, tarte honetan zuri-gorriek bost puntu baino ez dabez lortu, partidu bakarra irabazita, Vila-realen aurkakoa hain zuzen be. Tartean dagoz, Nou Campen edota Montilivin eskeinitako ikuskizun negargarriak. Kontuak kontu, eta sailkapenari jagokonez taldearen egoerea nahiko ona dala onartuta, taldeak azken jardunaldietan transmitidu dauzen sentsazinoak -Vila-realen aurkako partiduan kenduta- ez dira bape onak izan. Getafe, Bartzelona edota Gironan emondako errendimenduarekin ez dago inora joaterik. Gatxa da ulertzeko, eta onartzeko, zelan aldatu daiteken horrenbeste taldea egun gitxiren barruan. Vila-realen aurkako lehiaren bigarren zatian ederto baten jokatzetik, Gironan menperatuta eta nortasun barik egotera. Europa berbea aitatzea debekatuta egon beharko litzateke Lezamako prentsa aretoan.

Azken jardunaldietan ikusitakoa ikusita, ez dot uste Athletici txarto etorriko jakonik lehiaketan egongo dan etenaldia. Izan be, argi dago Valverderen taldea aldats behera doala eta jokalari ugari ez dagozala sasoirik onenean. Yeray eta Iñigo Martinez kenduta, taldeko ganerako titularren errendimenduak behera egin dau liga hasierako partiduekaz alderatuta. Hegaletan, ezkerrean batez be, zulo handi bat dauka Valverdek. Yuri Berchiche ez dago sasoiko, Balentziaga sasoiz kanpo dago eta ezker hegala ez da Lekuerentzat leku egokiena. Zelai erdian, Oihan Sancet desagertuta ibilten da minutu askotan, taldearen kalterako. Ekipoak Sanceten jokoa behar dau. Gauza bera esan daiteke, Williams gazteari buruz. Partidu guztian erasoko jokaldi bat edo bi egitea ez da nahikoa titular izateko Athleticen. Autokritika egiten be jakin egin behar da.

Valladoliden aurka jokatuko dau gaur Athleticek eta partidu honek garrantzi handia hartu dau. Valverderen taldearentzat aukera ona da Gironako porrotari lehenbailehen bueltea emoteko eta beste hiru puntu lortuta nasaitasunez ekiteko sei bat asteko etenaldiari. Garaipena ez dan beste edozein emaitzak bazterrak nahastuko leukez talde zuri-gorrian.