Athletic Ligako talde indartsuen aurka jokatzen ikusteko gogoan geunkan liga hasierako zazpi jardunaldietan emaitza onak lortu ostean. Ernesto Valverderen taldeak puntu bakarra lortu dau Sevilla eta Atletico de Madriden aurka jokatutako partiduetan. Beraz, ezin esan denporaldiko lehen azterketa gatxak gainditu dituenik. Nabarmentzekoa da ia 50.000 Athletic zale egon zirala zapatuan San Mamesen. Izan be, zaleek inoiz baino hurrago ikusten eben garaipena Atleticoren aurka, etxeko taldea bolada onean egoalako eta aurkaria, barriz, kili-kolo ebilelako liga hasieran. Usteak, baina, ustel gertatu ziran. Egia da, zuri-gorriek ez ebela galtzea merezidu izan koltxoneroen aurka, baina egia da baitxe, Muniain, Williams eta enparauek gauza gitxi egin ebela garaipena eskuratzeko. Valverderen taldeak baliabide gitxi erakutsi ebazan Atletico de Madriden atzealde granitikoa hausteko. Sevillaren aurkako partiduaren ostean esan genduan legez, Athletic honek badauka zer hobetu.

Diego Pablo Simeonek hamaika denporaldi daroaz Atletico de Madriden eta talde koltxoneroaren ardurea hartu ebanetik, aurkari gatxa izan da beti Athleticentzat eta edozein talderen-tzat. Zapatuan, betiko Atletico ikusi genduan San Mamesen: Atzean sendo jarrita aurkariari arnasea hartzeko be aukerarik emon barik, erasoan gol aukeraren bat gauzatzeko zain. Simeoneren taldeak ito egin eban Athletic hasiera-hasieratik. Etxeko taldea ez zan gauza izan jokorik sortzeko hegaletatik, Berenguer eta Nico Williams ez ziralako gauza izan euren markatzaileak –Molina eta Reinildo– gainditzeko jokaldi baten bez. Horregaz batera, De Marcos eta Lekue hegalekoan ekarpena oso eskasa izan zan erasoan. Barruko borrokan, Koke, De Paul eta Kondogbia nagusi izan ziran Sancet, Vesga eta Muniainen aurrean.

Valverderen taldea ezinean ebilen aurkariaren atera hurrera-tzeko, baina aurkariak be, ezer gitxi egin eban Unai Simonen ate aurrean. Bigarren zatiaren hasieran, baina, Athleticeko atzelariek alfonbra gorria ipini eutsen Morata eta Griezmaneri partiduko gola sartu deien. Atleticoko jokalari biek errezegi sartu eben euren taldearen gola. Liga hasierako partiduetan maila ona erakutsi arren, beti egoten da huts egite nabarmenen bat Athleticen atzealdean.

Hortik aurrera, danok itxaroten genduan zuri-gorrien erreakzioa eta Valverde ordezkoen aulkira begira jarri zan oldarraldirako bizgarriaren bila. Raul Garcia zelairatu eban Munianen ordez eta haren eskutik etorri ziran etxeko taldearen aukera garbienak bigarren zatian. Jokoan, baina, ez zan aldaketarik egon. Kontuak kontu, aldaketek ez eben gauza handirik aldatu eta Athleticek ez eban erreakzinorako gaitasunik erakutsi.

Atletico de Madriden aurka galdu izana ezin da inoiz ezusteko-tzat jo eta aurrera begiratu behar da. Zuri-gorriek gaur jokatuko daben partidua ez da inoiz erreza izan. Izan be, Athleticek hiru bider bakarrik irabazi dau Alfonso Lopez estadioan jokatu dituen hamazazpi partiduetan. Ernesto Valverdek badaki zelakoa izango dan Getaferen aurkako norgehiagoka eta zer egin beharko dauen bere taldeak garaipena eskuratzeko. Holako zelaietan erakutsi behar dau Athleticek sailkapeneko goialdean egon gura dauela eta bide batez Atleticoren aurako porrota lehenbailehen ahaztu. Hori guztia, Bartzelona eta Vila-realen aurka jokatu aurretik.